Altzoko Handiaren bildumea aurkeztu dau Erein argitaletxeak
2018-11-12 10:06 KultureaKoldo Izagirreren testuak eta Irrimarra bikotearen marrazkiak dakarrez lehenengo liburu biek.
Handia filmak izan dauen arrakastea ikusirik, Erein argitaletxeak umeentzako bilduma barria hasi dau, Migel Joakin Eleizegi, Altzoko Handiaren ibilerak kontetako. Lehenengo ale biak kalean dira: Altzoko Handia eta Kutixiren pianoa; eta Altzoko Handia eta Kutixiren gezurrak.
Taldelanean sortutako albumak dira: Koldo Izagirrek idatzi ditu testuak, formatu poetiko ederrekoak. Marrazkiak, ostera, Irrimarra taldeko Karmele Gorroño eta Irene Iruretarenak dira. Bildumako lehenengo ale biak euskerazko zein gaztelaniazko bertsinoetan argitaratu ditu Ereinek.
Diseinu erakargarri eta koloretsuko liburuak dira, 32na orrialdekoak. Testuak laburrak dira. Izan be, 3 eta 8 urte bitarteko umeentzako liburu aproposak dira.
Migel Joakin Eleizegi persona bitxia izan zan, 2,41 metroko gizon erraldoia. Altzon jaio zan, eta handik jatorko Altzoko Handia ezizena. Anaietako batek lagunduta, atzerrian ibili zan Altzoko Handia, haren tamainuak harrituta ixten ebalako publikoa. Azkenerako, baina, gogoz kontra ibilten zan halako erakustaldietan, eta etxera bueltetea baino ez eban nahi.
Pertsonaia horretan dago oinarrituta Jon Garaño eta Aitor Arregiren Handia filma, euskerazko pelikulen artean arrakastatsuenetakoa eta sarituenetakoa. Istorio horri berari heldu deutso Koldo Izagirrek orain, album ilustraduen bilduma barrian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!