Donejakue Bidera bisita gidatuak antolatuko ditue hilaren 16tik aurrera
2018-11-06 10:45 KultureaHilaren 16an, Bilboko eta Gasteizko katedralak bisitauko ditue.
Aurten ospatzen gagozan Kultura Ondarearen Europako Urtearen harian, eta zemendiaren 16an izango dan Munduko Ondarearen Nazinoarteko Egunagaz bat eginez, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zentroak bisita gidatuen programa erakargarria antolatu dau Euskadiko Donejakue Bidera. Helburua da Donejakue Bidea beragaz batera 2015ean UNESCOren Munduko Ondarearen zerrendan izena emondako lau monumentuak ezagutzera emotea: Bilboko Santiago Katedrala, Gasteizko Santa Maria Katedrala, Ziortzako Kolegiatea (Ziortza-Bolibar) eta San Adriango Tunela, Gipuzkoa eta Araba arteko mugan dagoana.
Programea hilaren 16an, barikuan, hasiko da, arratsaldez, Bilboko eta Gasteizko katedralen bisiteagaz. Bertan Katedral horreek Donejakue Bideagaz daben loturea azalduko da. Hilaren 17ko eta 18ko goizetan Ziortzako Kolegiatarako eta San Adriango tunelerako urteerak egingo dira.
Ziortzako txangorako, hilaren 17an, autobus bat egongo da Bilbotik goizean goiz Markina-Xemeinera. Ziortzaraino Donejakue Bidearen zati batean ibili ondoren, Kolegiatea bisitauko da eta taldea autobusez itzuliko da Bilbora bazkalordurako.
San Adriango tunelaren bisitarako, hilaren 18an, autobus bana egongio da Donostiatik eta Gasteiztik Zegamako Otzaurteko bentarantz. Tunel ezagunaren nondik norakoak ezagutu ondoren, ibilaldi atsegin bat egingo da Zalduondo inguruetaraino. Bertaratutakoek han hartuko ditue autobusak Donostiara eta Gasteizera itzultzeko.
Modu horretan, Euskadiko Donejakue Bideko lau monumentu garrantzitsuenak ezagutzeaz gan, parte-hartzaileak egun batez erromes bihurtuko dira eta, gidari espezializatuen eskutik, Bidearen zatirik esanguratsuenetako batzuetatik ibiliko dira.
Santiago Katedralaren bisitan paseo txiki bat egingo da Arkeologia Museoaren inguruetatik eta Alde Zaharreko kaleetan zehar. Bisita horren gidariak izango dira Bilboko Arkeologia Museoko taldea, Iñaki García Camino gidari, eta Bilboko Arte Sakratuaren Museokoa, Juan Manuel González Cembellín buru. Ziortzako Kolegiatearen txangoan bisitariakaz egongo dira Ana Arriaga, Ziortza-Bolibargo Simón Bolivar Museoaren zuzendaria, eta Juan Carlos López Quintana arkeologoa, orain Kolegiatara doan galtzadea ikertzen dabilena. Azkenik, San Adriango tunelerako urteeraren gidariak izango dira Alfredo Moraza, Aranzadiko arkeologoa eta bertan egindako indusketa arkeologikoen zuzendaria, eta Nerea Tauschke, ingurumen-hezitzailea eta Zegamako Anduentza Parketxearen dinamizatzailea.
Bisita guztiak dobakoak dira eta plazak mugatuta dagoz; horregaitik erreserbak egingo dira izena emon ahala 695 78 57 15 telefonoan edo info@donejakuebideaeuskadi.eus posta elektronikoa erabilita.
Programa honen bidez herritarrei emon gura jake Euskadiko Donejakue Bideari lotutako ondare baliodunaren barri, eta ondasun horreek ezagutarazo nahi dira, munduan onarpen handikoak diralako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!