Eneko Barberenak irabazi dau XVIII. Augustin Zubikarai Saria

Bizkaie! 2018-10-26 08:14   Kulturea

Afrikaners izeneko nobelea idazteko proiektua aurkeztu dau.

Eneko Barberena (argazkia: Elkar) | Ikusi handiago | Argazki originala

Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak euskerazko nobelagintzea bultzatzeko urtero antolatzen daben Augustin Zubikarai Sariko irabazlea Eneko Barberena arrasatearra izan da aurten. Zemendiaren 1ean, Literatur Amuak jaialdiaren barruko ekitaldi baten emongo deutsie saria, Ondarroako Kofradia Zaharrean.

Sariketako XVIII. edizinoko epaimahaian Leire Bilbao, Xabier Mendiguren eta Ana Urkiza egon dira. Euren ustez, Barberenaren Afrikaners nobelearen proiektua izan da aurkeztutakoen artean onena. Hortaz, urtebete izango dau irabazleak elebarri hori amaitzeko. Ondoren, Elkarrek argitaratuko dau.

Afrikaners nobelako protagonistea bikote gazte bat da. Aitor irakaslea da Gasteizen, eta Eider liburuzaina Arrasaten. Bost urteko semea daukie eta euren bizitzea lasaia da, harik eta gerran parte hartzeko erreklutamendu-deia jasoten daben arte. Izan be, istorioa etorkizunean kokatu dau Barberenak: Europar Batasunak Ipar Afrikara bialdu ditu tropak eta horrek gerrea eragin dau.

Eneko Barberena (Arrasate, 1983) Zuzenbidean lizentziaduna da. Kulturan eta udalgintzan ibili izan da. Aspalditik da idazle: Igogailuak, Dow Jones eta beste droga batzuk ipuin-liburua plazaratu eban 2002an. Harrezkero, Lurrunak ez du oraindik kristalik estali poemategia (2004) eta Martin Larralde CD-liburua (2011) atera ditu.

Augustin Zubikarai Sariak nobela laburrak bultzatzen zituan hasikeran. 2010etik, ostera, nobela luzeak sortzeko beka bihurtu zan. 2017ko irabazlea Xabier Etxebarria izan zan, eta oraintsu argitaratu dau Berriro itzuliko balitz lan saritua. 2016ko irabazle Katixa Agirrek be, egunotan aurkeztu dau Amek ez dute.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu