'Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak' ipuin liburua kaleratu dau Iban Zalduak
2018-09-21 12:19 KultureaIstorio errealistak eta fantasiazkoak tartekatu ditu.
Azken lau urteotan idatzitako 32 ipuin batu ditu Iban Zalduak eta Elkar argitaletxearen eskutik plazaratu dau Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak. Danetariko istorioak topauko ditu irakurleak bertan, autoreak ez dauelako estilo edo gai jakin batera mugatu nahi izan. Hartara, ipuin luzeak zein laburrak dagoz; kontakizun errealistak dagoz batetik, fantasiaren lurraldean sartzen dira beste asko.
Edozelan be, eguneroko kezkak eta bizipenak, errealidadea bera, izan da Zalduaren abiapuntua. Fantasia, sarri, errealidadea interpretatako bide aberatsagoa izan leiteke, idazlearen arabera. Esatera ausartzen ez garen gauzak kontetako modua emon leike fikzinoak.
Eguneroko bizimodua, familia barruko arazoak, pertsonaien kezkak... dira liburuaren ardatza, baina horrek ez dau esan nahi bestelako gairik ez dagoanik. Euskal gatazkea, adibidez, ipuin askotan agiri da, gehienetan zeharka dan arren. Literaturearen munduari egindako aitamenak be ugariak dira.
Hamaika ipuin liburu argitaratu ditu Iban Zalduak, plazaratu barri dauen honegaz, hortaz, generoa ondo baino hobeto ezagutzen dau. Gogoeta bi dagoz hamaikagarrenaren atzean: Batetik, luzereari buruzkoa, Zalduak dino ez dagoala zertan aukeratu ipuin luzeak, laburrak edo nobelak idaztearen artean, unean unean urteten deutsana idatzi nahi dauela; bestetik, pentsau dau fantasia sartzeko ez dauela ezelako lotsarik izan behar, azken baten zientzia fikzinoaren jarraitzaile da aspalditik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!