Amaia Vicentek eta Mario Paniegok egonaldi artistikoa egingo dabe Wroclaw-en

Bizkaie! 2018-09-21 10:00   Kulturea

Artists in Residence programearen bosgarren edizinoa da aurtengoa.

Irene Larraza, Mario Paniego, Amaia Vicente eta Imanol Otaegi (argazkia: Etxepare Institutua) | Ikusi handiago | Argazki originala

2016an Europako Kultura Uriburu izandako Donostia eta Wroclaw uriek bat egin eben urte bi lehenago, 2014an, artisten arteko trukeak bultzatzeko. Hortaz, Artists in Residence egitasmoak bosgarren edizinoa dau aurten. Etxepare Institutuak jakitera emon dauenez, Amaia Vicente eta Mario Paniego artistek egonaldia egingo dabe Poloniako urian. Aurtengo deialdira hamar lagun aurkeztu ziran eta horreek biak aukeratu ditue.

Irailaren 24tik zemendiaren 18ra bitartean egongo dira Wroclawen Vicente eta Paniego. Hegazkin-txartela, ostatua eta 2.000 euro emongo deutsiez bakotxari. Ganera, produkzinoan, promozinoan eta komunikazinoan antolatzaileen laguntzinoa izango dabe.

Amaia Vicentek uriko espazioaren inguruko hausnarketea egingo dau soinuaren eta geolokalizazinoaren bidez. Mario Paniegok, aldiz, uriko espazio publikoetan egiten dan publizidadearen erabileran sakonduko dau. Egonaldian, Wroclawko biztanleentzako tailerra eta proiektuaren aurkezpen edegia be egingo ditue.

Euskal artistentzako deialdiak uriaren nortasunagaz lotutako eta hainbat faktore sozial, historiko zein pertsonal eragiten dituen mobimendu eta aldaketak ditu ardatz. Uriaren paisaia eta ekosistemea jenteak osotu eta eraldatzen dau, baina alkar eraginez ala alkar oztopatuz? Horra artistei aurtengo deialdian egin jaken galderea.

Artists in Residence Wroclaw programearen helburua da kulturan eta artean dabizan sortzaileen lana babestu eta sustatzea, euren lana uri-identidadea eta kultura kontzeptuen inguruan egiten badabe. Izan be, egonaldi artistiko honeen bidez, uri modernoaren arazoen konponbiderako praktika egokiak topau eta bitartekaritzea sustatu gura dabe.

Ganera, Etxepare Institutuak azaldu dauenez, euskal artistei euren prestakuntzarako eta lanaren zabalkunderako plataformea eskaintzen deutsie programeak eta mobikortasuna, kulturen arteko alkarrizketea eta nazinoarteko alkarlana bultzatzen ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu