Otxoa eta Castroviejo gogoan, Getxon hasiko da Espainiako Vueltearen 17. etapea

Bizkaie! 2018-09-10 08:04   Kulturea

Hilaren 12a, Euskal Herritik igaroko dan etapa bakarra Bizkaiko Balkoian amaituko da.

Javier Otxoa eta Jonathan Castroviejo (Argazkia: @jcastroviejo) | Ikusi handiago | Argazki originala

Getxon izango da Espainiako Vueltearen 17. etapearen hasierea hilaren 12an; Euskal Herritik igaroko dan etapa bakarra Bizkaiko Balkoian amaituko da, 157 kilometroko ibilbidearen ostean. Getxo egun batez protagonista izango dauen txirrindularitza kirol-ekitaldi garrantzitsu hau dala-eta, Imanol Landa alkateak, etapeari hasierea  emoteko pistola-tiroaren aurreko protokolo-ekitaldian egongo danak adierazo dau Getxon pasino handiz bizi dan txirrindularitzearen zale ugari dagoz eta horregaitik kirol-ekitaldi honek daukan komunikabideen oihartzunak mesede egingo deutso herriari.

Era berean, alkateak Javier Otxoa txirrindularia ekarri dau gogora, Punta Galea Txirrindulari Alkarteko oinarrizko kategorietan ibilitakoa eta oraintsu hil dana. Landak doluminak emon deutseez Javierren senitarteko eta lagunei, Getxo udalerrian oso persona maitatua zan.

Pelotoian nazinoarteko txirrindulari ugari dagoz eta, euren artean, Jonathan Castroviejo (Sky) getxoztarra; kontua da ze Getxoko alkate Imanol Landak Jonathan Castroviejo udalerriko txirrindulariari autormena egingo deutsola kirol ibilbideagatik eta, horren bitartez, Getxo munduan zehar zabaltzeagaitik. Getxoko Kirol Portuan sartzeko biribilgunean (Punta Begoña Galerien aurrean), 12:30ean. Kirol jarduera hori dala eta, Udalak Ohorezko Aurresku Bike eskainiko dau 13:00ean, lasterketea hasi baino lehenago. Komunikazino estudio getxotar baten sormen proposamena da, euskal folklorea eta txirrindularitzea nahasten dauena. 

Kontuak kontu, Kirol Portutik abiatuko da pelotoia 13:00ean, Arriluze kaitik, Areetako moilako pasealekutik, Txurruka eta Tomás Olabarri moiletatik, Máximo Agirre eta Eduardo Coste kaleetatik igaro ondoren, udalerritik urtengo dau tropelak Itsasadarraren errepidetik Bilborako bidean, eta bertan egingo da etapearen urteera ofiziala.


Birziklau beira eta emon pedalei kanpainea

Ecovidrio eta Getxoko Udala, 2018ko Vueltan, lanean dabiz herritarrak beirazko ontziak birzikletako beharrari buruz kontzientzietako. Birziklau beira eta emon pedalei kanpainearen irudia daben binilautako 5 edukiontzi jarri dira herriko kaleetan. Edukiontzi horreetan birziklautako beira-ontziakaz trofeo jasangarri bat egingo da, Getxoko etapearen urteeran tokiko agintari batek jasoko dauena. Trofeo hori esfortzuaren ikur izango da, bai etapa bakotxean txirrindulariek egiten daben esfortzuarena, bai herritarrek ingurumena jagotearren egiten dabenarena. Holan, kanpaineak txirrindularitzearen zaleek natureagazko eta ingurumenagazko daben loturea irudikatzen dau; 2018an, barrikuntza legez, 8 etapatan hondakinak batuko ditue boluntario-taldeek.

Aurten abian jarritako ekintzen artean, Ecovidriok miniglu solidarioa eskaintzen dau 2018ko Itzuliaren oroigarri ofizial legez. Gauzak holan dirala, saltzen diran mila ale bakotxeko, Ecovidriok handbike bat emongo deutso Toledoko Paraplegikoen Ospitale Nazionalari.

 

Libertad es decidir, etorkizuna gure esku dago

Aurtengo Frantziako Tourraren azken aurreko etapea Lapurditik igaro da eta euskal herritarrok errepideetan eta mosaiko ikusgarri baten bidez, munduari adierazo deutsagu, Euskal Herria bizirik dagoala, eta herri lez aurrera egin nahi dogula.

Honezkero abian dan Espainiako Itzulia gure lurretatik igaroko da asteon, irailaren 12an, hain zuzen. Vueltako 17. etapea Getxon hasi eta Oiz mendian amaituko da. Milaka euskal herritar batuko dira errepide bazterretan. Kontua da ze Libertad es decidir, etorkizuna gure esku dago lelopean, etapa horretako ibilbidean zehar erabagiteko eskubidearen aldeko aldarria, era baketsu eta alaian, lau haizetara zabaltzeko deia egin dau Gure Esku Dago-k.

Era berean, hilaren 9an, Oizko San Kristobal baseleizearen ondoan aurre ekitaldia izan da eta argazki erraldoia atera dabe ekimena babestu eta hauspotzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu