Aste Nagusi inklusiboaren aldeko neurriak hartu ditue

Bizkaie! 2018-08-03 11:37   Kulturea

Gozau eizuz zeuk be lelopean, jaiak persona guztientzat aproposak izatea bilatuko dau Bilboko Udalak.

Marijaia eta haren erreprodukzino txikia (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Jai inklusiboen alde hartuko dituan neurriak aurkeztu ditu Bilboko Udalak. Abuztuaren 18an hasiko da 2018ko Aste Nagusia, eta persona guztiek disfrutau deiela bilatuko dabe. Urterik urtera, dibersidade funtzionala daben personei laguntzeko gero eta tresna gehiago eskaintzen ditu Udalak, aukera bardintasuna zabaltzeko asmoz.

Era horretara, ekitaldirik garrantzitsuenetan zeinu-hizkuntzako interprete bat egongo da, ahoz esaten dana keinuz be adierazoteko. Arriaga antzokiko agurrean eta pregoian ikusiko dogu interprete hori, baita Gas plazako umeen antzerkian zein Arriagako kale antzerkian be.

Bestetik, jaietako egitarauaren bersino bat braillez plazaratuko dabe, ikusteko arazoak daukiezenek irakurri ahal izan deien. Kartela bera be ikusmen urritasuna dabenen eskura egongo da, uriko leku estrategikoetan irudiaren deskribapena ipiniko dabe eta, hori be braillez. Horrezaz gan, egitaraua irakurketa errazera egokitu dabe.

Jone Etxaburu Garai bilbotarraren Nola soinu halan zeinu kartela Aste Nagusi honetako beste elementu inklusibo bat da, keinu-hizkuntzearen bidez zabaltzen dauelako mezua. Herritarrek babes handia emon deutsie kartel honi herri-bozketan, eta babes horrek argi erakusten dau zelako sensibilizazino handia dagoan aniztasunaren alde bilbotarren artean, dino Itziar Urtasun Jaietako zinegotziak.

Bestetik, mobikortasuna bermatze aldera, ekitaldiak hartuko dituen gune guztietan ahalik eta traba gitxien eta irisgarritasun handiena ipinten ahalegindu da Udala. Mobikortasun urriko personek leku berezi bat gordeta izango dabe Abandoibarrako, Europa parkeko eta Gizakundeko kontzertuetan. Komun egokituak be egongo dira jaigunean. Gargantuan sartzeko arrapalea ipiniko dabe eta Txikigunean monitoreak egongo dira dibersidade funtzionala daben umeei laguntzeko.

Amaitzeko, Aste Nagusiko sinbolo enblematikoenetako bat be persona guztien eskura jarriko dabe, Marijaia hain zuzen. Aurreko urteetan legez, Marijaiaren eskala txikiko erreprodukzinoa ipiniko dabe, itsuek edo ikusmen urria dabenek ikutu eta zelakoa dan jakin deien.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu