Bonbardaketan erretako erraldoiak Gernikako kaleetara bueltauko dira
2018-08-03 10:18 KultureaBihar, zapatua, aurkeztuko ditue lau erraldoi bikoteak.
Gernika-Lumok XIX. mendearen azken zatian izan zituan lehenengoz buruhandiak, hiru bikote. Horreek ordezkatzeko, 1915ean beste lau bikote ekarri zituen: Orduan ohikoa zanez, kontinente bakotxeko errege-erreginen irudiak ziran. 1937ko apirilaren 26an, alemaniarrek Gernika bonbardeau eben egunean, erre egin ziran horreek erraldoiak, baita Gargantua be.
Gerora be izan dabe gernikarrek erraldoiak ikusteko aukerea, 1946an hirugarren belaunaldia heldu zalako eta 1984an, laugarrena, Pedro Goirienaren tailerraren eskutik. Errenazimendu sasoiko janzkerak zituen hareek. Baina Gernika-Lumoko Udalak 1937koak berreskuratzea erabagi dau, gure memoria historikoaren zati diralako, ez zoritxarragaz lotuak, ezpada jai egunetako une pozgarriakaz, bereskuratu beharrekoak.
Hortaz, 1937an erretako lau erraldoi bikoteen bardinak diran zortzi figura sortu ditue, eta zapatuan, hilak 4, aurkeztuko ditue. Lehenik eta behin, 19:00etan, udaletxeko batzar aretoan ekitaldia egingo da, Jose Maria Gorroño alkatea buru. Ondoren, 19:30etan, desfilea egingo dabe uriko kaleetatik.
Zortzi erraldoi barriakaz batera, buruhandiak, zaldikoak eta orain dala urte bi berreskuratutako Gargantua egongo dira desfilean. Kalerik kale ibiliko dira guztiak, Foru Plazan hasita.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!