Sei euskal konpainia Tanzmesse azokan

Bizkaie! 2018-08-03 12:04   Kulturea

Jantzearen alorreko munduko topaketarik garrantzitsuena dan horretan, inaugurazino ektialdian izango da Kukai.

Tanzmesseko euskal ordezkaritzea (argazkia: Etxepare) | Ikusi handiago | Argazki originala

Alemaniako Düsseldorf urian egingo dabe Tanzmesse azokearen 12. edizinoa, abuztuaren 29tik irailaren 1era. Era horretako nazinoarteko topaketarik handiena da Tanzmesse eta, Etxepare Euskal Institutuaren eta Euskal Herriko Jantza Profesionalen Alkartearen (ADDE) lankidetzeari esker, presentzia bateratua izango dabe euskal artistek. Danetara, sei euskal konpainia izango dira Tanzmessen.

Azokako erakusmahai eta batzarrez gan, Tanzmessek zuzeneko emonaldien programazino ofiziala be badauka. Horretan parte hartzeko aukeratu ditue Kukai eta Jone San Martin. Inaugurazino ekitaldian Oskara lan saritua erakutsiko dau Kukaik, nazinoartean hasi dauen birearen barruan. Bestetik, Jone San Martinek Atlas I / Any body sounds proiektuaren kontzeptua eta orain arte landutako materiala aurkeztuko ditu Tanzhaus aretoan. Garapen fasean dago egitasmo hori.

Honeek izango dira euskal ordezkaritzea biribilduko daben beste lau konpainiak: Dantzaz, Igor and Moreno, La Glo Zirko Dantza eta Lŏkke | Olatz de Andrés. Euren proiektuak nazinoartekotzea izango dabe helburu.

Izan be, Tanzmessen mundu guztiko 500 enpresa eta 1.500 profesional baino gehiago batuko dirala aurreratu dabe antolatzaileek. Bertan izango dira banatzaileak, agenteak, koreografoak, jantzariak, erakundeak eta beste hainbat profesional. Hortaz, bertaratzen diranek aukera parebakoa izango dabe euren lana publiko profesionalari erakusteko eta sektoreko nazinoarteko eragileakaz hartu-emonetan hasteko.

Etxepare Institutuak eta ADDEk Basque Dance zigiluagaz hartuko dabe parte azokan. Sektoreari babesa eta ikusgaitasuna emotea izango da helburua. Ganera, euren erakusmahaian Euskal Herriko Jantza Lanen Katalogoa banatuko dabe. 40 konpainia, sortzaile eta kolektibo baino gehiagoren 77 obra batzen ditu argitalpen horrek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu