Umeak eta kulturea, Bilboko Konparsen egitarauaren ardatzak

Bizkaie! 2018-08-02 13:27   Kulturea

545 ekitaldi antolatu ditue aurtengo Aste Nagusirako.

Arriaga plazan egindako agerraldia (argazkia: Bilboko Konparsak) | Ikusi handiago | Argazki originala

Aste Nagusi berezia izango da aurtengoa, Bilboko gaur egungo jai ereduak 40 urte beteko ditu eta. Hasiera-hasieratik, Bilboko Konparsak izan dira Aste Nagusiaren zutabeetako bat eta aurten be indarrez ganezka helduko dira. Horren erakusgarri, bederatzi egunetarako atondu daben egitarau luze, oparo eta askotarikoa. Arriaga plazan egin dabe aurkezpena, Galder Anton eta Haizea Perez bozeroaleen eskutik.

2018ko programazinoan umeen jarduerei eta ekitaldi kulturalei garrantzia emon nahi izan deutsie konparsetako kideek. Era horretako ekintzak indartu ditue, hortaz. Gaztetxuei zuzenduta, ganera, pertsonaia barri bi sortu ditue, Karpatxo eta Mekanitxin. Besteak beste, Irrien Lagunak, Sortu zure txosna tailerra, Lekittoko Deabruen piroteknia-tailerra, umeentzako lehiaketa gastronomikoak eta abar izango ditue aukeran.

Helduentzako lehiaketa gastronomikoak be ez dira faltauko, urtero-urtero jente ugari erakarten dabe eta. Igaz estreinautako patatak salsa berdean egiteko lehiaketeari eutsiko deutsie, tradizionalagoak diran modalidadeakaz batera (txipiroiak, makailaoa, marmitakoa, tortillea...). Makailaoa eta Zero Kilometro produktuak nabarmenduko ditue aurtengo egitarauan.

Kirol eta jokoen atalean be, aukerak egongo dira gustu eta edade guztietarako. Horretarako, talde, alkarte eta federazinoek eskaintzen daben alkarlana azpimarratu dabe Bilboko Konparsek. Hiri Krosean hamaika kategoria egongo dira, guztira 2.000 parte-hartzaile inguru.

Joxan Artzeri egingo jakon omenaldia be gogoan hartu dabe Konparsek. Hori, jaietako lehenengo domekan izango da. Kontzertuak, antzezlanak, Kataluniako correfoc-ak, kaleko zinemea eta beste hainbat proposamen ahaztu barik. Konparsen jarduera guzti-guztiak, 545, doban dira.

Laster, egitaraua eta Aste Nagusiaren inguruko jakingarri ugari batzen dituan aplikazinoaren bersino eguneratua plazaratuko dabe. Egitaraua, hemen.

Agerraldia amaitu baino lehen, Aste Nagusia eraso barik bizi izateko deia egin dabe Konparsek: Danok gagoz konbidauta disfrutatzera, inor izorratu barik; gure jai herrikoi eta feminista honeetan lekurik ez daben bakarrak baboso eta erasotzaileak dira, sobran dagoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu