Maialen Akizuk irabazi dau IV. Istorioak Belarrietara lehiaketea

Bizkaie! 2018-08-02 12:32   Kulturea

Idoia Garzes izan da bigarren eta Ainara Elizondo, hirugarren.

Igartubeiti Baserri Museoak, Untzi Museoaren laguntzinoagaz, euskeraz idazteko zaletasuna bultzatzeko antolatzen dauen Istorioak Belarrietara kontakizun laburren lehiaketearen laugarren edizinoak baditu irabazleak. Danetara, 14 parte-hartzaile aurkeztu dira, eta hiru sari banatu ditue antolatzaileek. Kontakizunok batuko dituan liburu ilustradua abenduan argitaratuko dabe.

Irabazlea Maialen Akizu izan da, Itsasoa opari istorio laburrari esker. 450 euro emon deutsiez. Bigarren saria Idoia Garzesen Anaia bi kontakizunarentzat izan da. Hirugarrena, Ainara Elizondoren Uhinak beti gazi-k irabazi dau.

Epaimahaian Irati Goikoetxea, Xabier Alberdi eta Igartubeiti Museoko zuzendaritzako kideak egon dira. Parte-hartzaileek hainbat erespide bete behar izan ditue: Kontakizunak laburrak, euskerazkoak eta 8 eta 12 urte bitarteko umeentzat aproposak izatea. Horrezaz gan, aurtengo edizinoko gaia kontuan hartu behar izan dabe: Baserria eta itsasoa.

Gai hori aukeratzearen arrazoiak antolatzaileek emon ditue: Erdi Aroaren amaieran, arrantzearen gorakadeagaz bat, dolare baserria sortu zan. Bertako konsumoa hornitzeaz gan, merkataritza eta arrantza itsasontziak be hornitzen zituen. Sagardaoa, baserria eta itsasoa gaur egunera heldu jakuzan kontakizunak eta kondairak sortzeko gaiak izan dira.

Ganera, Istorioak Belarrietara lehiaketea euskeraz idazteko zaletasuna zabaldu eta bultzatzeko asmoz egiten dabe, batez be umeei zuzendutako ipuinen arloan. Ondare kulturalari lotutako istorioak zabaltzeko eta parte-hartzea zein esperimentazinoa sustatzeko helburua be badau.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu