Hainbat euskal konpainia Libourneko kaleko arteen jaialdian

Bizkaie! 2018-08-02 09:53   Kulturea

Gaurtik zapatura egingo dabe Fest'Arts entzutetsua.

Amaia Elizaran, 'Block' | Ikusi handiago | Argazki originala

Kaleko arteen alorrean, Frantziako Libourne uriko Fest'Arts jaialdia da Europako jaialdirik ospetsuenetako bat. Azken urteotan legez, aurtengo edizinoan be euskal ordezkaritzea egongo da, Etxepare Euskal Institutuak Fest'Arts-egaz daukan hitzarmenari esker. Era horretara, 2012an, Euskal Herriko eta Akitaniako eragileek Euskadi à Libourne proiektua sortu eben. Etxepareren eta jaialdiaren arteko lankidetza hori, ganera, Aquitaine.eus ekimenaren barruan sartzen da.

Kontuak kontu, 27. Fest'Arts abuztuaren 2tik 4ra bitartean egingo dabe. Zapatura bitartean, hainbat herrialdetako konpainia ugarik euren lanik barrienak erakutsiko ditue. Etxepareren eta Fest'Arts-en arteko lankidetzearen eskutik, euskal konpainia bi izango dira jaialdian: Haatik eta Akira Yoshida. Lehenengoak Lau eme ikuskizuna eroango dau Frantziara, emakumeen eskubideen aldeko burrukea ardatz dauen lana. Bigarrenak, Home aurkeztuko dau, Akira Yoshidaren zuztar japoniarrak arakatzen dituan jantza-ikuskizuna.

Horreez biez gan, euskal artista gehiago be badagoz Fest'Arts-eko egitarauan aurten. Batetik, Amaia Elizaranek Block izeneko ikuskizuna eroango dau Libournera, Karrikan programearen bultzadaz sortutako jantza-ikuskizuna. Azkenik, Mystérieuses Coiffures lapurtarrek La legende de l'homme oiseau bitxia aurkeztuko dabe, orrazkera artistikoetan oinarritua eta hau be Karrikan-en laguntzinoagaz produzidua.

Horrezaz gan, barikuan, abuztuak 3, Euskal Herriko eta Akitaniako kale arteen arloko profesionalen arteko topaketea egingo dabe Libournen, Fest'Arts jaialdiaren ekitaldi osogarrien barruan. Etxeparek zehaztu dauenez, urteroko hitzordua da hori.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu