Bilboko Aste Nagusiko erraldoi eta buruhandiak Euskal Museora heldu dira
2018-07-02 13:01 KultureaErakusketeak igaz 23.000 bisitari baino gehiago izan zituan.
Euskal Museoak ohiko bihurtu dan Erraldoi eta Buruhandien erakusketea dakar; aurten, 1988ko belaunaldiko 10 erraldoik eta 9 buruhandik osotzen dabe erakusketea.
Ganera, Pitxitxi eta Lina, 1998ko bikotea, egongo dira bertan, bai eta 1980ko bikote bat be, Museoaren sarreran. Era berean, 2012an Bilboko Konpartsek enkargau eben buruhandia be egongo da ikusgai (Juan Carlos Eguileorrek 1978ko Aste Nagusiko zapi urdinerako diseinautako armarriagaz).
2018ko irailaren 2ra arte ikusi ahal izango da erakusketea, izan be, inaugurau barri dan klaustro estalian egongo dira ikusgai personaia ezagun horreek guztiak.
Erakusketea ez da izango Bizkaiko erakundeak Bilboko Erraldoi eta Buruhandien inguruan antolatu dauen jarduera bakarra. Garagarrilaren 4an, 17:00etatik 19:00etara bitartean, Museoan hasiko dan erraldoien eta erraldoi txikien kalejireak musikaz eta jantzaz beteko dau Bilboko Alde Zaharra, Erraldoien Ondalan Konparsearen eskutik.
Eta, betiko moduan, etxeko txikienak oinarrizkoak izango dira erraldoi eta buruhandiakaz lotutako egitarauan. Umeentzako Erraldoiak jantzarazoten tailerra Euskal Museoan izango da garagarrilaren 5ean, 12an eta 19an (eguenetan), 11:00etatik 13:00era. Jarduerea 15 urtetik beherakoei zuzenduta dago, gaztetxuei personaia ezagun horreek jantzarazoten erakusteko asmoz. Parte hartzeko, beharrezkoa izango da aldez aurretik izena emotea 94 415 54 23 telefono zenbakian; matrikuleak 3 euroko prezioa dauka, eta saio bakotxerako 25 plaza egongo dira, gehienez.
Tailerra osotzeko, bildumagileak gonbidauta dagoz euren gomazko Erraldoi Txikiak ekarri deiezan, museoko patioan horreekaz olgetako. Txikienek (6 urtetik beherakoak) marrazkiak, margo-lanak eta txapak egiteko tailerraz gozau ahal izango dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!