Patxi Ezkiaga idazlea hil da

Bizkaie! 2018-06-29 13:00   Kulturea

Datorren astelehenean, garagarrilaren 2an, izango da haren aldeko hileta eleizkizuna, 18:00etan, Irungo La Sallen (Elizatxo kalea, 16).

Patxi Ezkiaga. Argazkia: lasalle.org | Ikusi handiago | Argazki originala

Legorretako Patxi Ezkiaga idazlea bart hil da 74 urtegaz. Ospitalean egon da azken egunotan eta gaur emon dau haren heriotzearen barri familiak.

1943an jaio zan Ezkiaga, ingeles literaturan aditua. Oxford eta Cambridgeko unibersidadeetan ikasi eta aurrerago fraile sartu zan La Sallen bertan. 20 urte egin zituan irakasle Donostiako La Salle ikastetxean. Legorretako Udalak herriko seme kutun izentau eban 2002ko urriaren 26an.

Literatura sari asko irabazia da: Felipe Arrese Beitia (1984), Irun Uria (1985, 1986 eta 1999), Lizardi (1985 eta 1987), Azkue (1987), Kritikearen Saria (1988 eta 1997), Julene Azpeitia (1990), Jon Mirande (1991 eta 1995), Agustin Zubikarai (1998 eta 1999), besteak beste.

Poesia landu dau gehien: Beldur naiz (1985); Aiodi herriko kantak (1986); Armaggedon (1986); Gernika (1987); Keiko eta beste udazkenak (1988); Komediaren Jainkoa (1993); Zauriaren salmoak (1997); Udazkenerako hamar kanta (1999).

Euskal Herriko Unibersidadeak Ezkiagaren obrearen antologia bat argitaratu eban 1994an, Haize hurbila izenburupean.

Bestalde, hiru eleberri be idatzi ditu: Charles Moulay (1990), Bi zisneen hegada (1992) eta Zure haragi bereko (1996).

2005ean, Pedro Berrondok 1976an egindako On Kixote Mantxakoaren euskerazko itzulpenetik antologia bat atondu eta euskera batura ekarri eban Ezkiagak.

Datorren astelehenean, garagarrilaren 2an, izango da haren aldeko hileta eleizkizuna, 18:00etan, Irungo La Sallen (Elizatxo kalea, 16). Gorpu beila Irungo La Sallen egongo da gaur 16:00etatik bihar 10:40 arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu