Juanjo Olasagarrek 'Ia hemen' poema-liburua plazaratu dau

Bizkaie! 2018-06-28 09:31   Kulturea

Egunerokotasunari zentzuna emoten deutsien olerkiak dirala dino idazle nafarrak.

Juanjo Olasagarre, Mari Jose Telleria eta Jose Angel Irigaray (argazkia: Pamiela) | Ikusi handiago | Argazki originala

Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako IV. Xabier Lete Poesia Saria irabazi eban Juanjo Olasagarrek (Arbizu, 1963). Bilduma irabazlea liburu formatuan plazaratu dau orain, Pamiela argitaletxearen eskutik, Ia hemen izenburupean. Lan barria aurkezteko ekitaldian, Donostian, Pamielako Jose Angel Irigaray eta Mari Jose Telleria egon dira, Olasagarregaz batera.

Egunerokoari zentzuna emoteko sortzen dau Olasagarrek, aurkezpenean autortu dauenez. Egunero-egunero idazten dau, eta bizi izandakoa ordenetako balio deutso horrek. Azken 15 urteotan idatzitako olerkiak batu ditu Ia hemen bilduman. Izan be, 2000tik poesiarik argitaratu barik egon da. Inprobisazinoa be badagoan arren, testuak zuzendu, berridatzi eta landu ditu.

Olasagarreren laugarren poema-liburua da Ia hemen. Aurretik plazaratuak ditu Gaupasak (1991), Bizi puskak (1996) eta Puskak biziz (2000). Nobelak be idatzi ditu: Ezinezko maletak, T eta Poz aldrebesa.

Xabier Lete Poesia Sariari jagokonez, orain arte lau irabazle egon dira: Karlos Linazasoro (Ezer gehiago behar gabe, 2012), Luis Garde (Eremuen berkalifikatzea, 2014), Asier Serrano (Linbotarrak, 2016) eta Juanjo Olasagarre 2018an, Hemen bildumeagaz. Liburuan argitaratzeko orduan, baina, izenburua pixka bat aldatu deutso: Ia hemen.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu