Prototipoak Nazinoarteko Topaketea hartuko dau Azkuna Zentroak
2018-05-21 12:35 KultureaMaiatzaren 31tik bagilaren 3ra egingo dabe, formatu artistiko barriak herritarrei hurreratzea helburu.
Bilboko Azkuna Zentroak goizeon aurkeztu dau Prototipoak, Forma Artistiko Barrien Nazinoarteko Topaketea. Uriaren ezohiko alderdiak lantzen dituen proiektuen bidez, instituzino, talde eta norbanakoakaz alkarlanean, jokera artistiko barrienak hurreratu gura deutsiez herritarrei. Horretarako, jardueraz betetako egitaraua atondu dabe.
Rosa Casado eta Mike Brookes dira komisarioak. Eurakaz batera aurkezpenean egon dira Fernando Perez Azkuna Zentroko zuzendari barria eta Nekane Alonso Bilboko Udaleko zinegotzia.
Hainbat proiektu artistiko aurkeztuko ditue maiatzaren 31tik bagilaren 3ra bitartean. Bertoko zein kanpoko sortzaileak izango dira bultzatzaileak baina, kasu guztietan, Bilbon garatzeko egitasmoak izango dira. Horregaitik, Prototipoak topaketeak Azkuna Zentroaren mugetatik urtengo dau eta Bilboko hainbat gunetan ikusi ahal izango dira interbentzino artistikoak: Kaleetan, plazetan, dendetan eta beste leku batzuetan.
Azkuna Zentroan bertan, erakusketa-aretoan, pieza interaktiboak ipiniko ditue. Ikusleakaz alkarrekintzan, denpora guztian aldatzen joango dan paisaje artistikoa sortuko dau erakusketa horrek.
Antolatzaileen arabera, Prototipoak topaketeak arlo sozialaren naturea, performatibidadea eta ugaritasuna ikertu nahi ditu artearen bidez. Hori dala eta, lekua izango da proiektuaren osogai nagusia, hau da, egunero egiten dogunaren bidez, gizakien eta gizakiak ez diranen arteko eraginen eta hartu-emonen bidez eregiten dan errealidadea.
Proiektua 3, 2, 1, Forma Eszeniko Barrien Nazinoarteko Topaketan egindako lanaren jarraipena da, eta orduan jorratutakoa zabalduko dau. Sorreratik, alderdi sozialaren izakerea, performatibidadea eta ugaritasuna ikertu nahi izan ditu artearen bidez, eta, horrezaz gan, ekarpena egin nahi dau, alde poetiko, estetiko eta politikotik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!