Kaleko artistarik onenak saritu ditue Leioan
2018-05-21 11:17 KultureaAtzo amaitu zan XIX. Umore Azokea.
Lau egunez kaleko arte eszenikoen uriburu izan da Leioa, eta, azken egunean, hainbat sari banatu ditue konpainia parte-hartzaileen artean: Lasala, Amer i Àfrica, Kolektiv Lapso Cirk eta Barsanti nabarmendu ditu Umore Azokako epaimahaiak.
Euskadiko Kale Ikuskizunik Onenaren saria Lasala taldearen Microclimate lanak irabazi dau. Uri ingurunea, ikus-entzuleak interpretazino koreografiko parebakoa ikustera daroan agertoki bilakatzeagaitik eta atmosfera hipnotikoa sortzeagatik aukeratu dau epaimahaiak Lasalaren obrea.
Kaleko Ikuskizunik Onenaren saria, ostera, Kataluniara joan da aurten; Amer i Àfrica konpainiak Envà obrea aurkeztu dau Leioan eta epaimahaiak honeek ezaugarriak azpimarratu ditu: zirkua, birtuosismoa apaltasunagaz eta gizatasunagaz batera agertzen dan lengoaia bihurtzeagaitik, horretarako objektu barrien erabilerearen ikerketea, uri ingurunea eszenarako arkitektura legez eta ikus-entzuleen berezko inplikazinoa integrauta.
Italiako Kolektiv Lapso Cirk konpainiarentzat izan da Artista/ikuskizun Barri Onenaren saria, Ovvio lanagaitik. Oreken bitartez, alkarren arteko konfiantzan eta konplizidadean oinarrituta dagoan eta arriskua, sotiltasuna, dotoretasuna eta orijinaltasuna buztartzen dituan eta itxuraz apala dan jolasa planteeteagaitik saritu dau epaimahaiak.
Palmaresa biribiltzeko, Barsanti konpainiari aitamen berezia egin deutsie, Kale Gorrian obreagaitik. Gizarte eta politika arloan oinarritutako gaia planteau eta kaleko arteen lengoaiak berez dituan baliabideen erabilera adimentsua eta ausarta egin dauela azpimarratu dabe epaimahaikideek.
Leioako Umore Azokan, ondokoak egon dira aurten epaimahaian: Xabina Claverie, Hameka Kaleko Arteen Fabrikako arduraduna (Luhuso); Laura Etxebarria, Bilboko La Fundición aretoko eta bertako La Temporada, Dantzaldia eta Lekuz Leku jaialdietako zuzendarikidea; Borja Ruiz, antzerki zuzendari, aktore, pedagogo eta ikerlaria; Nando Piñeiro, Egia-Gazteszena-Donostia Kulturako programatzailea; eta Anna Giribet, FiraTàrregako programazino teknikaria.
Beste alde batetik, Zanguango konpainiari Umore Azoka Leioa 2018 Ohorezko Saria emon eutsien barikuan. 25 urte bete ditu talde horrek eta hori kontuan hartu eben antolatzaileek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!