EUSPOT-eko sari nagusia Orozko eta Gasteiz artean banatu dabe
2018-05-18 12:42 Kulturea73 iragarki aurkeztu ditue aurten.
Aretxabaletako Arkupe Kultura Etxeko Zaraia aretoan egin eben atzo EUSPOT lehiaketako sari banaketea. Aretoa jentez beteta egoala, Ana Goitia kazetariak eta Iban Garcia youtuberrak ekitaldia aurkeztu eben eta bertan, lehiaketan aurkeztutako 73 iragarkien artetik epaimahaiak aukeratutako hamalau finalisten lanak erakutsi zituen. Danetara, Euspot-ek 2.550 euro banatu zituan saritan, bost kategoriatan.
Aurten bi izan dira spot onenaren saria eroan daben lanak: Alde batetik, Orozkoko Nora Lataturen Gizaki programatuak eta bestetik, Gasteizko Andoni Martinez de Madina, Eneko Ruiz de Azua eta Iratxe Agileraren Sare sozialekin liorik ez. Iragarki bien egileek 1000 euroko sari bana eskuratu dabe.
Spot onenarena ez da Latatuk jaso dauen sari bakarra, Mondragon Unibersidadeko ikasleen spot onenarena be berarentzat izan da eta beste 500 euro eskuratu ditu.
Publikoaren saria (500 euro) Eskoriatzako Danel Charro, Oihana Benito eta Lierni Castillaren Ikusi nahi ez duena baino itsuagorik ez dago lanak eroan dau. BHklip saria (250 euro), barriz, Arrasateko Oihan Loitik irabazi dau Izan zu zeu, baita digitalean ere iragarkiagaz. Azkenik, Music Library saria (300 euro), hau da, musika sinkronizazino onenari saria emon dabe. Iragarkiaren musika egokitasunagaitik eta originaltasunagaitik, Aretxabaletako Lorea Otadui, Markel Bazanbide eta Beñat Abasoloren Deskonektatu konektatzeko spotak irabazi dau.
Lehiaketearen zazpigarren edizinoko gaia Irudi digitala gure bizitzako harremanetan izan da eta sare sozialen erabilerearen inguruan hausnarketea egitea izan dau helburu, beti be euskerazko sormena bultzatuz. Aurten be Gipuzkoako Foru Aldundia da EUSPOT lehiaketearen antolatzaile nagusia, Aretxabaletako Udala, Mondragon Unibersidadea, Arizmendi Ikastola, Arteman eta MusicLibrary-gaz batera.
Antolatzaileen arabera, aurtengoa erantzun onena izan dauen lehiaketea izan da. Danetara, 73 lan aurkeztu ditue, 18 urtetik beherakoek eginiko 47 lan jaso dira eta 18 urtetik gorakoek eginiko 26. Parte-hartze kopuruan eta kalidadean igoera nabarmena izan da aurten, igaz baino 22 spot gehiago jaso diralako. Igoera horren arrazoia da hainbat ikastetxetan berenberegi lehiaketarako egindako lanketa berezia.
Publizidadea, sormena eta euskerea buztartzen dituan Euskal Herriko erreferentziazko spot lehiaketea bilakatu da EUSPOT arduradunen esanetan. Euskal Herriko leku askotatik jaso ditue iragarkiak, horreen artean: Gasteiz, Irun, Aretxabaleta, Donostia, Zarautz, Arrasate, Bilbo, Andoain, Azkoitia, Viana, Zornotza, Bergara, Eskoriatza, Orozko, Aramaio, Hernani, Legazpi, Pasaia, Azpeitia, Ordizia, Oñati, Ataun…
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!