Bilbon hasi da 'Ertibil Bizkaia 2018' erakusketea
2018-05-17 12:30 KultureaGasteizen, Durangon, Galdakaon eta Sestaon be ikusiko dira aukeratutako 18 artisten obrak.
Bizkaiko Foru Aldundiak talentu artistikoa bultzatu eta gizarteratzeko antolatzen dauen Ertibil lehiaketearen 36. edizinoa da aurtengoa. Deialdira 90 artista aurkeztu ziran eta horreetako 18 aukeratu ditu epaimahaiak, Ertibil Bizkaia 2018 erakusketa ibiltarian obra bana erakutsi daien. Lehenengo geldialdia Bilboko Rekalde Aretoan dau erakusketa horrek, garagarrilaren 1era arte.
Aukeratutako artista guztien artean, aurtengo hiru irabazleak dagoz: María Muriedas Díez lehen sariduna, Izaro Ieregi bigarrena eta Maider Gonzalo Salceda hirugarrena. Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputaduagaz eta aukeratutako ganerako artistakaz agerraldia egin dabe Rekalde Aretoan, eta euren obrearen inguruko azalpena emon dabe.
Maider Gonzalok esan dauenez, egunerokotasunean topautako irudi eta objektuak erabilten ditu bere sorkuntzan. Modu nahikoa intuitiboan lan egiten dot, ganeratu dau. Ertibil lehiaketako hirugarren saria Flores pegatina lanari esker irabazi dau. Izaro Ieregik, bestetik, Time for love 2017 lanagaz eskuratu dau bigarren saria. Lazkaoko Beneditarren komentuko bilduman pegatina zaharrak ikusten egoala otu ei jakon pieza hori.
Lehen sariaren irabazleak, María Muriedasek, 7 minutuko bideo bat aurkeztu dau Ertibilera, Lucifer izenekoa. Artisteak berak azaldu dauenez, korrikalari bi agiri dira, gaueko lasterketa baten. Idea bi azpimarratu nahi izan dodaz: Batetik, bideari berari garrantzia emotea, ez helburuari. Bigarrenik, atzetik datorren korrikalaria barik aurrekoak ezin dauela bidea egin, atzekoak daroalako argi-fokua.
Hiru irabazleek egonaldia egingo dabe udan Japonian, Tokio eta Fukuokako gune artistiko bitan. Lorea Bilbao Kultura diputaduak azaldu dauenez, Ertibil nazinoartera zabaltzea da asmoa, Bizkaitik kanpoko esparruan sartu nahi izan dogu. Orain arte, halako egonaldirik ez dabe antolatu, baina, Bizkaiko talentu artistikoaren barri zabaltzeko orduan, pausu bat egiteko momentua dala dino Bilbaok: Beste hauspo bat emon nahi deutsagu Ertibili.
Hiru artistek esperientzia barria bizi izateko aukerea izango dabe, beraz, Japonian. Bilbaok azaldu dau bueltan datozanean aztertuko dabela egonaldiaren onurea zenbaterainokoa dan eta horren arabera erabagiko dabe hurrengo urteetan barriro egin ala ez.
Ertibil Bizkaia erakusketeak urtero herririk herri egiten dauen biran be, Bizkaiko mugak gainditzeko gogoa ikusten da. Izan be, Bilbotik urten osteko lehenengo geldialdia Gasteizko Montehermoso kulturgunean izango da, garagarrilaren 2tik urriaren 1era.
Beste geldialdiak honeek izango dira: Durangoko Arte eta Historia Museoa (urriaren 1etik 22ra), Galdakaoko Torrezabal Kultura Etxea (urriaren 31tik zemendiaren 30era) eta Sestaoko Musika Eskolea (abenduaren 3tik 31ra).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!