Otxarkoagara begira jarriko da 'Bilbao Izan' programea

Bizkaie! 2018-04-25 10:48   Kulturea

Maiatzean bisita gidatuak egingo ditue, auzo horren historia eta bitxikeriak erakusteko.

Orain dala mende erdiko Otxarkoaga, airetik (argazkiak: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Uriko ondarea agertzeko Bilboko Udalak antolatzen dauen Bilbao  Izan egitasmoaren beste edizino bat iragarri dabe maiatzerako. Oraingo honetan, Begoñako eleizatea zanaren eremuan industrializazinoagaz hazitako auzo batera begira jarriko dira, Otxarkoagara hain zuzen.

1925ea,  Begoñako lurrak Bilboko udalerrian sartu ziranean, Otxarkoagako paisajeak ez eukan zer ikusirik gaur egungoagaz. Orduko baserri, landa eta txakolindegiek etxeorratz altuei eta milaka biztanleri pasau deutsie lekukoa. Azken mendeko historiak ekarri dituan aldaketak eta berezitasunak izango dira Bilbao  Izan egitasmoko bisitaldi gidatuen ardatza.

1960ko hamarkadan 4.000 etxebizitza eregi ziranetik, auzo-mobimendu sendoa izan dau Otxarkoagak. Auzotik kanpo bizi diranek ez dabe jakingo, baina merkadu txinatarra, Frantzian ahizta bikotxa dauen eleizea eta txakolindegi zaharrak daukaz auzoak. Ganera, Arte Eszenikoen alorrean erreferente bihurtu dan Harrobia Gunea be han dago.

Hortaz, sekretu asko ezagutuko ditue dobako bisitaldi gidatuetako parte-hartzaileek. Maiatzaren 8tik 31ra bitartean egingo ditue bisitaldiok, oinez, eta izena emoteko epea apirilaren 26an hasiko da. Gaztelaniazko eta euskerazko txandak egongo dira aukeran. Ordu eta erdi inguruko txangoak izango dira eta bakotxean 30 lagunek parte hartu ahal izango dabe gehienez. Informazino gehiago, hemen.

Bilbao  Izan programea 2005ean sortu eben, Bilboko auzoek gordetako historia, ondarea eta bitxikeriak herritarrei erakusteko asmoz. Auzoetako bisita gidatuak dira egitasmoan erantzun gehien izaten dabenak eta, horregaitik, auzo bakotxari hilebete osoa eskaintzen deutsie. Maiatzean Otxarkoaga aldean ibili eta gero, Txurdinaga, Zurbaran-Zurbaranbarri eta Loruri auzoen txandea helduko dala aurreratu dau Udalak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu