Literatura Unibersala itzulpen lehiaketea abian
2018-04-23 12:24 KultureaHautagaiek Ingeborg Bachmann austriarraren edo Ngugi wa Thiong'o keniarraren liburuak euskeratu beharko ditue.

EIZIE-k jakitera emon dauenez, Literatura Unibersala itzulpen lehiaketako deialdia zabalik dago; hautagaiek maiatzaren 24ra arteko epea daukie aurtengo liburu bien laginak euskeratuta aurkezteko.
Antolatzaileen arabera, nahi daben guztiek parte hartu leikie sariketan, itzultzaile profesionalak zein hasibarriak izan. Itzulpena jatorrizko hizkuntzatik egiteari lehentasuna emongo deutsie, baina zubi-hizkuntzen bidez be egin ahal izango da. Hiru kide izango dituan epaimahai batek erabagiko dau saria nori emon.
Irabazleek obra osoa itzultzeko kontratua sinatuko dabe EIZIEgaz eta 2019ko apirilerako amaituta euki beharko dabe. Ondoren, argitaratu egingo ditue, Erein eta Igela etxeen eskutik, itzultzaileei jagoken diru-saria pagauta.
EIZIEk obra bi jarri ditu itzulga: Batetik, Ingeborg Bachmann idazle austriarrak idatzitako Simultan liburua, 1972koa. Bost istorio labur dakarz obra horrek, eta guztietako protagonistak emakumeak dira. Jatorrizko hizkuntzea alemana da. Sariketan parte hartu nahi dabenek itzuli beharreko lagina, hemen.
Beste aukerea, barriz, Ngugi wa Thiong'o keniarraren Dreams in a Time of War da. Autorearen jaioterrian kokatutako nobelea da, kolonialismo eta gerra giroan. Ingelesa da jatorrizko hizkuntzea. Sariketarako lagina, hemen.
Kontuak kontu, oinarriak jakin gura izan ezkero, klik egin hemen.
Lehiaketearen inguruko argibide gehiago, info@eizie.eus helbidera idatzita edo 943 277 111 telefono zenbakira deituta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!