Alex Angulo saria 'El gato de Schrödinger' lanarentzat Pabilioi 6 Aretoan

Bizkaie! 2018-04-23 10:15   Kulturea

Kriselu saria Agur eta Dolore obreak eroan dau.

Antzerki Arinaren VI. Jardunaldien amaierea eta sari banaketea egin dira asteburuan Pabilioi 6 Aretoan. Azken hilebetean, martiaren 16tik, apirilaren 15era, aukeratutako 15 lan aurkeztu dira eta ikuskizun gonbidatu bat be egon da. Honeetan guztietan sektoreko 50 profesional baino gehiagok hartu dabe parte. Ikuskizunak 15 egunetan zehar izan dira, danetara ia 200 saio eta antzerki arineko 60 ordu baino gehiago publiko murriztu bati zuzenduta eta ez ohiko lekuetan.

Sari banaketei jagokenez, ikuskizun onenaren Alex Angulo saria El gato de Schrödinger lanak eroan dau. Mikel Fernandinok idatzi dau eta Aitor Fernandino eta Mikel Losada aktoreen antzezpena dauka. Beste alde batetik, Agur eta Dolore obreak euskeraz egindako lanik onenaren Kriselu saria irabazi dau. Iraia Elías eta Miren Gaztañagaren lana da, eurek antzeztuta eta Amancay Gaztañagaren begiradapean. Honetaz gan, Pabilioi 6 Antzerki Laborategiak 500 euroko saria emon deutso Iñaki Urrutia aktoreari, gizonezkoen antzezpen onenagaitik eta Karmele Larrañaga eta Iratxe Urkiaga aktoreei, barriz, emakumezkoen antzezpen onenagaitik.

Edizino honetan, epaimahaiak eta publikoak ez dabe bat egin eta ikusleen boto gehieak Ponme tu historia aquí eta (Des)Kontrolatuak lanentzat izan dira. Lehenengo hau María Goirizelayak idatzi eta zuzendu dau, Ane Pikaza eta Olatz Ganboa aktoreakaz eta Ibon Belandiaren zuzeneko musikeagaz; bigarrena, Karmele Larrinaga eta Iratxe Urkiagaren lana da. Azken honek idatzi eta Itziar Ituñok zuzenketa lanak egin ditu.

Sariez gan, SGAE Fundazinoak aukeratuak izan diran lan guztiei testu dramatikoen sormenari sari ekonomiko bat emon deutsez.

Ekitaldian izan dira besteak beste, Lorea Bilbao Euskera eta Kultura Foru Diputatua, Ana de Castro Euskera Zuzendaria, epaimahaikedeak, ikusleak eta jardunaldietan parte hartu daben aktoreak, zuzendariak, idazleak…

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu