Ia 5.000 umek hartu dabe parte 'Ikusi eta Ikasi' programan
2018-04-20 09:22 KultureaUrtarrilean hasita, 68 ikuskizun egon dira Bilboko euskerazko astialdiko programan.
Gaur, barikua, amaituko da Ikusi eta Ikasi ekimenaren 14. denporaldia, Puski, Txurruski eta Mariski pailazoek Indautxuko Karmen aretoan eskainiko daben ikuskizunagaz. Azken saio horretako datuen faltan, Bilboko Udalak aurtengo edizinoaren balorazinoa egin dau: Ia 5.000 neska-mutil joan dira egitarauko ekintzetara. Pailazoak, txontxongiloak, ipuin-kontalariak, magia eta abar izan ditue aukeran, uriko barruti guztietan.
Horrezaz gan, musikoterapia eta barreterapia ikastaroak be egon dira eta, nobedade legez, gozoki naturalen, modelajearen eta txiki-erritmoaren inguruko tailerrak. Berez, 2 eta 8 urte bitarteko umeei zuzedutako dobako jarduerak dira Ikusi eta Ikasiko guztiak. Udalak azaldu dauenez, ekimen honen helburua da ondo pasatuz euskerearen erabilerea bultzatzea ume bilbotarren artean, modu dibertigarrian, kulturearen bidez eta kalidadezko programazinoa eskainiz. Topaguneak eta Udalak antolatzen dabe.
Hamalaugarren edizinoak harrera ona izan dauela dino Udalak. Basurtuko, Errekaldeko, Castañoseko, Deustuko, Santutxuko, Zorrotzako eta Olabeagako udaltegietan, Azkuna Zentroan, Indautxuko Karmengo aretoan, Ibaialdeko liburutegian, Euskerearen Etxean eta Zamakola, Iruarteta eta Epaltzaren Alarguna eskoletan egin ditue jarduerak. Aurten leku barri bi egon dira: Olabeaga eta Azkuna Zentroa.
Gaurko azken saioa, Karmen aretokoa, 14. edizino honen agur-jaia be izango dala azaldu dabe antolatzaileek. Azken hiru hileotan Ikusi eta Ikasi programearen barruko ikuskizunetara joan eta gogobetetasuna neurtzeko inkestea bete daben umeen artean sariak banatuko dira. Sarien artean euskerazko hainbat mahai-joko, umeentzako ipuin eta liburu hezigarriak eta abar egongo dira. Era horretara, sarien bitartez, helduek zein umeek aisialdian euskeraz ondo pasetan segidu ahal izango dabe.
Era berean, ez da ahaztu behar, Ikusi eta Ikasi-ren programea berez gaur amaitzen dan arren, ekitaldi berezi bat iragarrita dagoala hurrengo barikurako, apirilaren 27rako: Goazen! telesaileko ikuskizuna izango da eta BBK Salan egingo dabe, arratsaldeko 18:00etan. 900 lagunentzako lekua dagoan arren, horrenbeste jentek emon dau izena ze zozketea egin beharko dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!