'Zu entzuteko gaude' liburua dakar Xabier Mendigurenek
2018-04-13 08:44 KultureaHiru emakume dira istorioen protagonistak.
Hiru ipuin jasotzen ditu Xabier Mendigurenek ondutako liburuak: Izurdeak, Neguko hondartza eta Zu entzuteko gaude, azken hau da hain zuzen be, istoriorik barriena, urte hasieran amaitu eban idazten.
Orain dala lau urte hasi zan Mendiguren lan honetarako kontakizunak idazten, tartean liburuak batzen ez dituan beste batzuk be bai, baina lan barriagaz bat ez etozala ikusirik, kanpoan laga ditu.
Liburu barriak barritasunak be badakarz, alde batetik, izenik bako herri industrialetik iges egin dau idazleak eta Donostian kokatu ditu hiru istorioak. Orain arte, Bergara, Andoain edo Durangoren moduko herriak izan dira bere kontakizunen lekuko.
Beste alde batetik, emakumeak dira hiru ipuinen protagonistak. Aurretik pentsau bako hautua izan dala dino Mendigurenek istorioak bururatu ahala ateratako kontua izan da.
Zu entzuteko gaude (Elkar) liburua beraz, hiru emakume protagonista dituan hiru ipuinez osaturiko triptikoa da eta egungo gizartea astintzen daben hainbat gai eta gatx erdigunean jarten ditu: bakardadea, menpekotasunak dituenak jagotea eta horrek ekarri leiken sakrifizioa, bizitzeari zentzunik aurkitu ez eta suizidioaren aukerea... Liburuan zehar zaintzea oso presente dago, nahiz eta Mendigurenek autortu dauenez, ez dot gai honi buruzko liburu bat egin nahi izan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!