Pedro Miguel Etxenike, Fisikearen Europako Alkarteko Ohorezko Kide

Bizkaie! 2018-04-11 08:24   Kulturea

Hogei lagunek baino ez dabe izendapen hori, tartean zazpi Nobel saridunek.

Pedro Miguel Etxenike | Ikusi handiago | Argazki originala

Gaur egungo euskal zientzialari nabarmenetakoa dan Pedro Miguel Etxenikeri ospe handiko kargua emon deutsie: Fisikearen Europako Alkarteko Ohorezko Kide izentau dabe. Ohar baten bidez, DIPC, Donostia International Physics Center alkarteak (bertako presidentea da Etxenike) jakitera emon dauenez, oso zientzialari gitxiri emoten deutsien izendapena da hau. Gaur egun, 20 Ohorezko Kide baino ez dagoz, besteak beste zazpi Nobel saridun, Asturiasko Printzea irabazi daben hiru eta CERN zentroko zuzendari ohi bi.

Fisikearen Europako Alkarteko kideen aurrean berba egin dau egunotan Pedro Miguel Etxenikek, DIPC-k komunikazino zientifikoaren alorrean egiten dauen lana azaltzeko eta Passion for Knowledge jaialdiaren barri emoteko. Zientziagaz eta ezagutzeagaz lotutako dibulgazinoa jorratzen dauen topaketa hori hiru bidar egin dabe 2010etik eta 2019an laugarren edizinoa dator.

Agerraldi horren aurretik, Fisikearen Europako Alkarteak Ohorezko Kide izendapena emon deutso Etxenikeri. Era horretara, hogei lagunek baino ez daukien izendapenaren jaube da dagoeneko zientzialari nafarra.

Pedro Miguel Etxenike (Izaba, 1950) DIPC-ko gaur egungo presidentea ez eze, katedraduna da EHUn, Materia Kondensaduaren Fisikearen alorrean. Fisikan doktore da Cambridgeko eta Bartzelonako unibersidadeetan. Honoris Causa doktorea da Nafarroako Unibersidade Publikoan. Bere ibilbidean hainbat sari emon deutsiez: Asturiasko Printzea, Ikerketako Euskadi Saria, Max Planck Saria, Donostiako Urrezko Dominea eta abar. Politikagintzan ibili zan 1980ko hamarkadan eta euskerearen aldeko lanean be nabarmendu da. Fisikearen ganeko artikulu ugari  argitaratu ditu euskeraz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu