BreakOnStage jaialdiak bere esentziari eutsiko deutso Derion

Bizkaie! 2018-04-10 09:04   Kulturea

Egoitzea aldatu arren, kultura urbanoaren topaleku izaten segiduko dau.

Imanol Garaizabal, Lorea Bilbao eta Esther Apraiz | Ikusi handiago | Argazki originala

Imanol Garaizabal antolatzaileak, Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputaduak eta Esther Apraiz Derioko alkateak 2018ko BreakOnStage jaialdia aurkeztu dabe. Hilaren 21eko hitzorduaren nobedade nagusia egoitza aldaketea da, izan be, Elorrion hasi eta hainbat urtean Bilboko Miribillako kiroldegian egin eta gero, aurten Deriora jo dabe, topaketearen dinamikotasunari eusteko asmoz.

Antolatzaileek azpimarratu dabenez, lekuz aldatu arren, BreakOnStage jaialdiak betiko esentziari eutsiko deutso, hau da, kultura urbanoaren eta kaleko artearen jokerarik barrienak erakutsiko ditue hogei ikuskizun baino gehiagoren bidez, eta artisten eta publikoaren arteko kontaktua erraztuko dabe.

Dana dala, Imanol Garaizabalek oharra egin deutse zaleei, leku aldaketea dala eta: Derioko kiroldegia Miribillakoa baino txikiagoa danez, sarrera gitxiago dagoz salgai, 3.000 inguru. Salmentea bizkor doala dino eta, hortaz, adi ibilteko.

Lau gunetan banatuko dabe BreakOnStage. Urban espazioan, BMX eta Scooter modalidadeak landuko ditue. Dance, parkour eta abar be probau ahal izango ditue gazteek beste guneetan. Oraindino izena emoteko epea zabalik dago, baina erantzuna oso ona izaten dabilela dino Garaizabalek.

Bestetik, ekitaldi nagusiak pase bi izango ditu, 18:00etan eta 20:00etan. Egitarauan nazinoarteko ehun artista dagoz eta hogei ikuskizun inguru eskainiko ditue. Unión Latina, Flavor Kingz eta beste batzuk izango sdira gure artean, baita Feel the Sound bilbotarrak be. Bestetik, jantza urbanoen lehiaketan, hamabi finalistak parte hartuko dabe, hiru kategoriatan banatuta. Lehiaketa horretara 82 talde aurkeztu dira eta kanporaketetako onenak heldu dira Derioko finalera.

BreakOnStage berezia eta bakarra dala azpimarratu dau Lorea Bilbaok aurkezpenean; jantzearen, sormenaren eta abangoardiako koreografien zaleentzat galdu ezineko hitzordua dala dino Kultura diputaduak. Bertoko talentua bultzatzearen alde egin dau, nazinoarteko sortzaile handienakaz kontaktuan.

Jaialdia Deriora eroatea arriskutsua dala badaki Imanol Garaizabalek, baina aurrerantzean txipa aldatzeko balioko ei dau. Gazteak erakartea, parte-hartzea bultzatzea eta kaleko arteetan dabizan sortzaileei ateak edegitea dira aurtengo edizinoko erronka nagusiak. Horretarako, egitarauan bertoko eta kanpoko artistak batera ikustea positiboa dala uste dau Garaizabalek.

Apirilaren 21eko programazinoa, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu