Tretatxu euskal bandoleroaren historia batu dau Hektor Ortegak

Bizkaie! 2018-04-05 10:03   Kulturea

Bere sasoiko herritarren artean mito bihurtu zala dino kazetari eta historialariak.

Hektor Ortega, liburu barria eskuan dauela | Ikusi handiago | Argazki originala

Ospe handiko lapurra izan zan Larraurin jaiotako Bautista Landa (1716-1761), Tretatxu ezizenez, XVIII. mendearen erdialdean. Orduko artxibategiak haren inguruko agiriz beteta dagoz: Salaketak, ikerketak... 1751tik 1753ra bitarteko epe laburrean makina bat lapurreta egin zituan. Agiri zahar horreetan oinarrituta, Hektor Ortega kazetari eta historialariak Tretatxu, lapurren gobernadorea historia-liburua plazaratu dau, Txertoa argitaletxeagaz.

Tretatxu ez zan edozelako lapurra, Ortegak jakin ahal izan dauenez. Bizkaiko lapur danen gobernadorie esaten eutsien, haren ekintzak gogoan: Lapurretak, igesaldiak, segadak, kontrabandoak... hiru urteko ibilbide laburrean era guztietako delituetan parte hartu eban. Bizkaian ez eze, Baionan, Iruñean, Gipuzkoan eta beste leku batzuetan be izan eben haren barri.

Sasoi haretako herritar askoren artean Tretatxu heroi moduko bat zalako susmoa dauka Hektor Ortegak. Orain arte, euskal gaizkileen artean, baserritarrek heroi edo mito bihurtutako gitxi dagozala pentsau izan da. Beharbada, Patakon da adituek onartutako bakarra. Baina Hektor Ortegaren ustez, gehiago be egon ziran, eta horreetako bat izan zan Tretatxu.

Hortaz, gizartearen klase herrikoien artean, Tretatxu ez zan lapur hutsa izan, mistika bat eregi eben haren inguruan, bandolero sozial dalakoa bihurtu zan. Hektor Ortegak haren ibilerak batu ditu, ahozko ondarearen bidez gaur egunera arte heldutako pertsonaiaren biografia osotzeko asmoz. Euskal bandolero bati liburu formatuan eskainitako lehenengo biografia da hau, egilearen esanetan.

Liburuaren lehenengo atalean Tretatxuren ibilbidea jaso dau Ortegak. Bigarren atalean, XVIII. mendeko gizartea agertu dau, orduko baserritarren baldintza gatxak, Tretatxu lapurretara bideratu ebenak. Amaierako atalean, hirugarrenean, dakar Ortegak bere tesia, hau da, galdetzen dau baserritarrek mito bihurtutako lapurra izan ete zan Tretatxu, eta baiezko erantzuna emoten dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu