Iribarrek zabalduko dau Bilbao International Football Summit
2018-04-05 08:21 KultureaGaur egungo futbolaren inguruko erronkak aztertuko ditue gaur, Iberdrola torrean.
Futbolaren inguruko topaketa hau Bilbon egingo dan ezkero, ezin zan faltau Athleticen historiako mito handienetako bat, Joxe Anjel Iribar atezain ohia.Gaur, eguena, apirilak 5, egingo dabe II. Bilbao International Football Summit, Iberdrola torreko 24. solairuan, eta Iribarrek egingo dau ohorezko sakea, antolatzaileek azaldu dabenez.
Topaketan 150 parte-hartzaile baino gehiago dagoz izena emonda. Mario Gurrionero biltzarraren zuzendariak eta Oihane Agirregoitia Bilboko Udaleko zinegotziak egingo deutse ondoetorria danei. Udala da ekitaldi honen babesle nagusia. Aurkezlea, barriz, Axel Torres esataria izango da.
Futbolagaz lotutako danetariko gaiak jorratuko ditue egun guztian, bertoko eta kanpoko kirolari, kirolari ohi eta adituak protagonista dirala. Esate baterako, emakumeen futbolaren erronkak aztertuko ditue Ainhoa Alonso Eibar taldeko kapitainak eta Janire Fragua kazetariak.
2018ko Errusiako Munduko Txapelketea hasteko pare bat hile baino ez dira falta eta nazinoarteko txapelketetan ibilitako gonbidadu ugari egongo dira Bilbon, berbarako, Brasilgo entrenatzaile zala munduko txapeldun izandako Luiz Filipe Scolari. Belgikako hautatzaile Roberto Martinez eta Espainiako hautatzaile Julen Lopetegi asteasuarra be zerrendan dagoz. Azkenaldiko euskal futbolari arrakastatsuenetako batek, Xabi Alonso tolosarrak be, berba egingo dau.
Ohorezko sakea egiteaz gan, amaierako berbaldia emoteko ardurea be Joxe Anjel Iribarrek izango dau. Goi mailako 600 partidu baino gehiago jokatu izanak emondako esperientziaren ganean egingo dau berba, baita nazinoarteko txapelketa garrantzitsuenetan atezainak daukan zereginaz be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!