Aiko Taldeak Sevillara eroango dau euskal jantza tradizionala

Bizkaie! 2018-04-04 12:08   Kulturea

Jota tailerra eskainiko dau hilaren 6an, uriko Jantza Konserbatorio Profesionalean.

Sabin Bikandik eskainiko dau ikastaroa | Ikusi handiago | Argazki originala

Aiko Taldeak jantzea egiteko dauen estilo tradizionala Sevillara eroango dau, hilaren 6an, barikuan eta bertan Jota tailerra eskainiko dau Antonio Ruiz Soler Jantza Konserbatorio Profesionalean. Beste erakunde batzuekaz lankidetzan ibiltea eta ezagutzak transmitidutea da Aikoren ezaugarrietako bat.

Irakasteko eta ikasteko dauen metodoen bitartez, jantza tradizionalaren ikerketea eta gizarteratzea sustatzea dau helburu taldeak, esperientzia aberatsean oinarrituta. Aikok hamarkada bat baino gehiago daroa jotea eta fandangoa ikertzen eta transmitiduten eta taldeko jantza maisuen eretxiz, jotea erabateko indarraldia dauen kultura adierazpen garaikidea da. Idea hori da Sevillaraino eroango dabena, jantza eta musika irakasle eta ikasle, jantzari, maisu eta jantza zaleei orokorrean, zuzenduta egongo dan eta gehien bat praktikoa eta edegia izango dan ikastaroa eskaintzeko.

Horrezaz gan, ikastarora doazenek, Aiko Taldeak eta Bideografikek jotearen bilakaerari buruz produzidutako Jotamentala dokumentala ikusteko aukerea izango dabe. Dokumentalak maila handiko jantzarien eta koreografoen testigantzak jaso ditu: Jon Maya Kukai Jantza Konpainiaren zuzendari eta Aikoren sortzaileetakoarena; Cesc Gelabert katalanarena; Galiziako, Salamancako eta Asturiaseko jantza maisuena edo Juan Antonio Urbeltz ikerlariarena, beste askoren artean.

Dokumentalak sarbidea emongo deutso Sabin Bikandi Aiko-ko musikari eta jantza maisuak eskainiko dauen ikastaroari; gehien bat praktikoa izango da, eta 90 minutuko lau saiotan atonduko da; tarte horretan, partaideei jotearen eta arin-arinaren testuinguru geografikoa eta ikasketa prozesua eskainiko jake, baita joteak balsagaz, mazurkeagaz eta txotisagaz dauen loturea be, jotearen baliabideak zein inprobisazinoa. Tailerrean, Bikandik taldearen irakaskuntza filosofia eta jantzan egiteko modu naturalean oinarritutako bere metodoa aplikauko ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu