Memoria Historikoa jagoteko alkartea sortu dabe Elorrion

Bizkaie! 2018-04-04 11:43   Kulturea

Urte osorako plangintzea adostu dabe Laumunarrieta 1937 alkarteak eta Udalak.

Udaleko eta Laumunarrieta 1937 alkarteko ordezkariak, aurkezpenaren egunean (argazkia: Elorrioko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

1937an Elorriori eraso egin eutsien Italiako faxisten hegazkinek, bonbardaketa baten bidez. Beste herri batzuetako bonbardaketen oihartzunik euki ez arren (hildako gitxiago egon ziralako), ondorio larriak izan zituan Elorriokoak be eta herritar zaharrenek ondo gomutan daukie orain dala 81 urteko erasoa. Horren memoria lantzeko sortu dabe Laumunarrieta 1937 alkartea.

Berandu baino lehen, ha guztia geurera ekartea da alkarte sortu barriaren helburua, Elorrioko udaletxean egindako aurkezpenean azaldu dabenez. Laumunarrieta 1937ko ordezkariakaz batera, Idoia Buruaga alkatea eta Txus Arrieta udaleko ordezkaria egon dira agerraldian, eta nabarmendu dabe, alkarte honi esker, igaz martxan jarritako ibilbidea sendotu egin dala. Elorrioren kontrako bonbardaketea gogoratzeko hainbat ekimen antolatu zituen igaz; hain zuzen be, bonbardaketearen 80. urteurrenaren harira, herritarren eta Udalaren artean hasitako alkarlanaren emoitzea da Laumunarrieta 1937.

Justizia, erreparazinoa eta biktimen autortzea ardatz, alkarteak hiru lan-ildo nagusi landuko ditu aurrerantzean: Elorriarren testigantzak jaso eta aztertu, ikerketa lerro bat edegi eta memoriaren zabalkunderako lan-tresna barriak erabili. Horretarako, udalagaz alkarlanean atondu dabe urte osorako plangintzea.

Memoriaz berba egiterakoan iraganari begira jarten gara, 1936ko gerra madarikatuan gure aurreko senideek sufridu ebenaz. Eta gerreak eragindako ondorioaz be gogoratzen gara: goseaz eta ikaraz, etxeko isiltasunaz. Baina gogoratzea ez da nahikoa. Errepresinoa sufridu eben persona guztiek autortzea merezidu dabe, eta erreparazinoa, adierazo dau Idoia Buruaga alkateak.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu