Ondo Bizi egonaldi artistikoa egiten dabiz Karrantzan
2018-04-04 10:14 KultureaArtisten eta artzainen arteko alkarbizitzea bultzatuko dabe, apirilaren 9ra arte.
Mutur Beltz alkarteak antolatuta, Ondo Bizi egonaldi artistikoa egiten dabiz apirilaren 3tik 9ra Karrantzan, inguru haretan artzaintzeak dauen egoerearen inguruko gogoeta eta eztabaidarako espazioa zabaltzeko asmoz. Hiru artista bertatik bertara ezagutzen dabiz Karrantzan lehen sektoreak dituan erronkak. Artzainen eta sortzaileen arteko alkarbizitzea bultzatzen daben jarduerak antolatu ditue.
Ondo Bizi egonaldietan parte hartzeko asmoz, 19 proiektu aurkeztu ziran eta antolatzaileek bi aukeratu ditue: Sevillatik datorren Bruno Delgado Ramorena eta Oiartzungo Onintza Etxebesterena. Horrezaz gan, Itxaso Díaz bizkaitarra be konbidau dabe, bere esperientzia ikus-entzunezko sormenezko lan baten kontau daian.
Egonaldiaren ardatzetako bat ondo bizitzea danez, Casa Vicente Pallotti bainuetxean hasi dabe esperientzia hau hiru artistek. Ganera, dieta osasungarria emongo deutsie, gehienetan Karrantzako produktuak erabilita. Artistek Gure Naia landa etxean egingo dabe lo, Ahedo auzoan.
Pozalaguako kobazuloa eta Dolomitak fabrika-museoa ikusteko aukerea izango dabe egonaldian eta inguruko baserri ugaritan ibiliko dira, besteak beste, gaztaigintzea ezagutzen. Era horretara, artistek Karrantzako bizimodua hurretik ikusi eta alkarbizitza honetatik proiektu artistiko bana sortu beharko dabe. Karrantzako Artzai Topaketetan aurkeztuko ditue sormen-lanok, bagilean.
Bestetik, zapatuan, apirilaren 7an, Ondo Bizi Arte Jardunaldiak egingo ditue Karrantzan bertan. Artistek sormen prozesuaren barri emongo deutsie herritarrei eta gogoetea egingo dabe artzaintzaren orainaz eta geroaz. Miguel Sabino Díaz García etnografoa, Izaskun Elitxegerra Avascaneko lehendakaria eta artzaina, Karrantzako ardi mutur gorriak dituan Ángel Kanete eta Arantzazuko Artzain Eskolearen koordinadore Batis Otaegi konbidau ditue jardunaldietara.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!