Artedrama Topaketak, zapatura arte Aulestian
2018-04-03 07:08 KultureaArte eszenikoak lantzen dabiz parte-hartzaileak, euskera hutsean.
Artedramak urteroko hitzordua martxan ipini dau, XIII. Euskal Sormen Laborategia; apirilaren 2tik 7ra bitartean, antzerkilariak eta sortzaileak alkarregaz dagoz, arte eszenikoetako hainbat alor hobetzen eta tekniketan sakontzen, eskarmentu handiko profesionalek gidatuta.
Danetara, zortzina orduko sei ikastaro antolatu ditue, hau da, 48 ordu. Topagunetzat jo dau egonaldia Artedramak: Euskeraz gabizanon topagunea da, aktore, zuzendari, antzerkigile zein antzerkizaleentzat urtero zabaltzen dan gunea. Alkarregandik ikasteko, jakintzak partekatzeko eta eztabaidarako aukerea emongo dau Aulestiko alkarbizitzeak, antolatzaileen ustez.
Ikastaroak honeek dira: Aktorearen jantzea (irakaslea Ander Lipus), Hemen eta orain (Aiora Sedano), Tartean dagozan gorputzak (Oier Guillan eta Javier Barandiaran), Organizidadea eszenan, testuakaz jolasean (Pako Revueltas), Desorekea (Iraitz Lizarraga) eta Bakarrik jantzan egitea, bakarrik sentidu barik (Mizel Théret). Saio guztiak euskeraz izango dira.
Horrezaz gan, arte eszenikoen ikuskizunen egitarau zabala be atondu dabe, Aulestiko Udal Aretoan eta frontoian. Zazpi senideko antzezlan estreinau barria ikusi ahal izan zan atzo, eta gaur, martitzena, Mizel Theret-en Lekeitioak helduko dira Aulestira. Eguaztenean, Gilkitxaro taldearen Adarretatik zintzilik lanaren azken emonaldia programau dabe eta eguenean, saio bikotxa: Nisuneren Oingoan bai! eta Barsani Teatroaren Kale Gorrian. Barikuan Abarka antzerki taldearen Besaulkiak emongo dabe eta programazinoa Metrokoadroka eta Pez Limbo konpainien Miss Karaoke antzezlanak biribilduko dau, zapatuan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!