'Azala erre' da Danele Sarriugarteren bigarren nobelea
2018-03-14 08:09 KultureaArtearen munduan dabizan gazte bi dira protagonistak.
Erraiak izan zan Danele Sarriugarte Mochales idazle eta itzultzaile elgoibartarraren lehenengo nobelea, 2014an. Azala erre izeneko hau da bigarrena, Elkar argitaletxearen eskutik plazaratua. Sare sozialen sasoian, ikuskizunaren gizarte post-industrialean kokatu dau istorioa Sarriugartek, hau da, gaur egungo gizartean. Miren eta Jon dira protagonistak, artea ulertzeko era bi dituen gazteak.
Mirenen estudioan diruz beteta agertzen dan sobre bat da istorioaren abiapuntua. Diruaren jatorriaren bila joango dira protagonistak eta, horren atxakian, gizakiaren portaerearen hainbat alderditan arakatzeko tartea hartzen dau idazleak: Adiskidetasuna, inbidiak, kontraesanak, itxurakeriak, arrakastearen eta porrotaren arteko loturea...
Horrezaz gan, artistek artea sortzeko zelako arrazoiei heltzen deutsien be aztertu nahi izan dau autoreak nobela honen bidez. Miren eta Jon artistez gan, nobelan agiri dira kulturearen munduko faunako piztiak, Sarriugarteren esanetan.
Hiru atal nagusitan banatu dau nobelea idazleak. Bakotxaren barruan, azpiatal laburrak topauko ditu irakurleak, fetxearen eta lekuaren bidez identifikauta. Lehenengo jazoereak, Mirenek dirua topetan dauenean, momentu zehatz bat dauka, 2016ko bagilaren 24a, eta hortik aurrera datoz ganerakoak. Epilogo bategaz biribiltzen dau Sarriugartek liburua.
Donostian aurkeztu dau Danele Sarriugartek Azala erre. Ganera, hilaren 20an Bilboko Poza kaleko Elkar dendan agerraldia egingo dau, Kattalin Minerrek lagunduta. Loraldiaren barruko ekitaldi horretan, Sarriugartek eta Minerrek nobelearen nondik norakoak azalduko ditue eta artearen munduan sartzen ahaleginduko dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!