Deustuko Gazte Lokala babesteko eskatu dabe

Bizkaie! 2018-02-09 11:36   Kulturea

Eraikinaren aldeko 2.275 sinadura eroan deutsiez Bilboko Udalari.

Deustuko Merkadu Zaharraren eraikina babesteko sinadurak Bilboko udaletxera eroan ditue (argazkiak: Deustuko Gazte Lokalaren Aldeko Plataformea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Gaur egun Gazte Lokala hartzen dauen eraikinak erabilera ugari izan ditu, XIX. mendean eregi eben eta. Merkadu Zaharra, Pajareria eta beste hainbat izen emon deutsiez auzotarrek. Haren balio historiko eta arkitektonikoa aintzat hartu daiala eskatu deutsie hainbat auzotarrek Udalari, eta legezko babesa emoteko. Izan be, eraikina bota nahi dabe laster. Hori dala eta, berau babesteko Deustuko Gazte Lokalaren Aldeko Plataformea sortu dabe.

Plataformearen helburua Gazte Lokalak auzoari egiten deutsan onurea nabarmentzea da, horregaitik esker ona adierazo eta auzotarren babesa publiko egitea eskatu ditue. Auzoan doban antolatzen diran ekitaldi kultural asko Gazte Lokalaren eta hango kideen eskutik etorri dirala dinoe plataformakoek.

Ganera, eraikinaren balio historikoaren barri emotea eta beronentzako babesa eskatzea be badira ekimen horren asmoak. Deusturen historia ulertzeko ezinbesteko eraikina da, izan be, Bilbotik aparteko udalerri independente zaneko sasoitik geratzen dan aztarna bakarra da. Bilbok Deustu 1925ean anexionau eban, baina gaur egun Gazte Lokala dan eraikina XIX. mendean egin eben, 1888 bueltan.

Eraikina gaur egunera arte egoera onean heldu dala azpimarratu dau plataformeak. Hartara, Uri Antolakuntzako Plan Orokorreko eraikinen katalogoan sartzeko eskatu deutsie Udalari, Merkadu Zaharra legez babestuta egon daiten. Eskari horren alde, 2.275 lagunek sinatu dabe eta horreek sinadura guztiak udaletxera eroan ditue asteon, Udalak eraikina botateko dauen asmoari uko egiteko itxaropenez.

Aurrerantzean be, atxikimendu eta sinadura gehiago batzen segiduko dauela dino Deustuko Gazte Lokalaren Aldeko Plataformeak. Izan be, Change atarian sinadurea emoteko atala zabaldu dabe (hemen).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu