Espazioaren eta sorkuntzearen arteko hartu-emonak aztergai Guggenheimen

Bizkaie! 2017-12-05 08:09   Kulturea

Eduardo Chillida eskultoreak eta Martin Heidegger filosofoak izandako topaketea da erakusketearen abiapuntua.

Argazkia: Bilboko Guggenheim Museoa | Ikusi handiago | Argazki originala

Arte garaikideko nazinoarteko artisten ehun obra baino gehiago batu ditu Bilboko Guggnheim Museoak erakusketa barrian, artearen eta espazioaren inguruko kontzeptuen arteko hartu-emonak aztertzeko asmoz. Eduardo Chillida eskultore donostiarrak eta Martin Heidegger pentsalari alemaniarrak alkarlanean plazaratu eben, 1969an, Artea eta espazioa izeneko artista-liburua, eta horixe bera da Bilbon ipini daben erakusketearen izenburua.

Artearen eta espazioaren arteko lotura hori aztertzeko orduan, Guggenheimen eraikinaren beraren eta barruan gordeten dituan artelanen arteko mugabako alkarrizketeari omenaldia egitea be izan da asmoa. Horrezaz gan, arte abstraktuaren historiaren berrinterpretazinoa topauko dau ikusleak, sei hamarkadako ibilbideari esker. Manuel Cirauqui da komisarioa.

Espazioa adierazoteko moduak erakusten dituen ehun pieza baino gehiago dagoz erakusketan: Pinturak, eskulturak, instalazinoak eta bideoak. Espazioaren eta artearen mugetan egindako bidaia horretan, ezin faltau Jorge Oteiza. Asier Mendizabali eta Cristina Iglesiasi be lekua egin deutsie. Kanpoko artisten artean, Peter Halley, Lucio Fontana, Alyshon Sotz, Zarina Hashmi, Richard Long eta abarren lanak dagoz. Ernesto Neto eskultoreak orain dala hile batzuk museoari emondako eskulturea be ikusgai ipini dabe lehenengoz Artea eta espazioa erakusketearen barruan.

Manuel Cirauquik azaldu dauenez, 1969ko liburuan Chillidak eta Heideggerrek aztertutako kontzeptuetan sakontzen eta hortik abiatutako bide barriak topetan laguntzen dabe erakusketarako aukeratutako obrek. Areto bakotxeko piezen arteko alkarrizketea sortu nahi izan dau komisarioak, gaika edo kronologiaz antolatu beharrean.

2018ko apirilaren 15era bitartean ikusi ahal izango da Artea eta espazioa Bilbon. Ganera, jarduera osogarri batzuk antolatu ditue. Esaterako, abenduaren 13an, Manuel Cirauquik berak gidatutako bisitaldia egongo da eta 20an, Luz Maguregui museoko adituak emongo ditu azalpenak. Urtarrilerako, espazioaren inguruko pelikulen zikloa eratu dabe.

2017/12/04 - 2018/04/15

Bilboko Guggenheim Museoan

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu