Igaz baino erakusleku gehiago Durangoko Euskal Dendan

Bizkaie! 2017-11-29 08:27   Kulturea

Abenduaren 6tik 10era egongo da zabalik, Merkadu plazan.

Durangoko Azokeagaz batera urtero-urtero Durangora heltzen dan hitzordua da Euskal Dendea, euskal artisautzearen topalekua. Arbaso alkartearen arabera, aurten, 22. edizinoan, indarbarrituta dator Euskal Herriko artisautza azokarik nagusiena dan hau.

Igazkoagaz alderatuta, artisau gehiagok parte hartuko dabe aurten, 54k. Euskal Herriko txoko guztietatik etorriko dira eta danetariko artisau lanak erakutsi eta salduko ditue: Elikagaiak, egurra, zeramikea, oihalak, bitxiak, kosmetikea eta abar. Ganera, Arbasok nabarmendu dau 20 profesional lehenengoz egongo dirala azokan, eta horrek ikutu freskoa eta eraldatzailea emoten deutsala. Lurraldeei jagokenez, Bizkaiak izango ditu ordezkari gehien, 26, hain zuzen be.

Bizitzea ehunduz izango da Euskal Dendearen 22. edizinoko leloa. Sentimenduz eta emozinoz betetako esaldia dala dinoe antolatzaileek. Horregaz lotuta, omenaldi berezia egingo deutsie Juan Unzueta eta Jose Ramon Salmanton hilbarriei, otzaragintzearen maisu eta Euskal Dendearen parte-hartzaile ezagunei. Arbason itzelezko hutsunea itxi dabela dinoe antolatzaileek. Euren lanak ikusgai egongo dira Euskal Dendan.

Bost egunez zabalik izango da Euskal Dendea, abenduaren 6tik 10era, goiz eta arratsalde, Durangoko Merkadu plazan. Artisauen erakusmahaiak ez eze, zuzeneko erakustaldi ugari ikusi ahal izango ditue bisitariek, eskulangileen produktuak zelan egiten diran jakin daien. Ganera, Artisau Despistadua izeneko lehiaketea antolatu dabe, erakustoki onena aukeratzeko asmoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu