Euskal Selekzinoa-Txekia partidua egun osoko jaia izango da
2017-11-20 08:12 KultureaOrain 80 urte munduan Euskal Herria defendidu eban selekzinoa omentzeko erabiliko da eguna.
Eusko Jaurlaritzeak eta Euskadiko Futbol Federazinoak datorren zemendiaren 25ean Euskal Selekzinoaren eta Txekiaren arteko emakumeen arteko partiduaren inguruan antolatuko diran ekitaldien barri emon dabe egunotan. Jon Redondo Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak iragarri dauenez, erakunde bien arteko alkarlanari esker, mugarritzat jo daben partidu honen inguruan giro berezia izango da aurreko egunetik Eibarren.
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariagaz batera, Euskadiko Futbol Federazinoko presidenteorde Nerea Zalabarria be izan da prentsaurrekoan, baita Iñigo Juaristi hautatzailea eta bere laguntzaileak Iraia Iturregi eta Aintzane Encinas be. Bilboko Euskaduna Jauregian izandako prentsaurrekoan, Ipuruan jokatuko dan partiduaren garrantzia azpimarratu dabe: Euskal Selekzinoak Txekia lako selekzino indartsu bat hartuko dau, FIFA egunetan jokatuko dabe eta Lehen Mailako zelai batean ibiliko dira nor baino nor gehiago. Emakumeen kirolaren aldeko apustu nabarmena egin da, eta mugarri bat dala esan geinke; osagai asko izango dira partiduaren inguruan, baina horri guztiari gehitu behar jako partidua aprobetxauko dogula 1937an ‘Euzkadi’ izenagaz mundu mailan ibili zan sekzinoa gogoratzeko, azaldu dau Jon Redondok.
Beraz, neurketea oroimen historikoagaz be lotuko da eta mundu osoan zehar ibilitako selekzino hori gogoratzeko atxakia izango da: Selekzinoak Europan eta Amerikan hainbat partidu jokatu zituan askatasunaren ikur bihurtuta. Gogoratzeko moduko jazoera historikoa izan zan, eta horixe da, hain zuzen, partidu honen helburuetako bat. Oso arerio indartsuen kontra jokatu eban, eta partidu gehienak irabazi zituan; halan da be, galdu eban lehena garai haretako Txekoslovakiaren kontra izan zan. Ikusiko dogu zer pasetan dan datorren asteko partiduan, adierazo dau.
Aurkezpenean berbea hartu daben lagun guztiek adierazo dabenez, oinarrizkoa da zemendiaren 25eko hitzorduan irudi bikaina emotea, bai berdegunean bai harmailetan. Bigarren helburu hori lortzeko, Eusko Jaurlaritzea Euskadiko Federazinoagaz alkarlanean dabil partiduaren inguruan beste hainbat ekitaldi egon daitezan eta eguna jai handia izan daiten. Esangura horretan, datorren barikurako, partiduaren bezperarako, Euskal Selekzinoari buruzko mahai-inguru bat antolatu da Eibarreko Armeria Eskolan; arratsaldeko 19:00etan hasita, Joseba Urkiola kazetariagaz batera, José Ángel Iribar atezain historikoa, 1937ko selekzinoan ibilitako futbolarien senitartekoak, gizonezkoen Euskal Selekzinoaren futbolari bat eta Iraia Iturregi zein Aintzane Encinas jokalari ohi eta Juaristi hautatzailearen laguntzaileak izango dira.
Partiduaren egunean Untzaga plazea izango da jaiaren erdigunea: Goizeko 11:00etan ‘fan zone’-a zabalduko da, puzgarriakaz eta gaztetxuentzako jolasakaz. Eguerdian Euskal Selekzioaren neskak izango dira protagonista, eta banan banan izango dira aurkeztuak zaleentzako jarritako gunean. Arratsaldeko 16:00etan, kalejira bat egingo da Ipuruako futbol zelaira. Partidua arratsaldeko 17:00etan hasteagaz batera, begirada guztiak berdegunean jarriko dira eta han izango da ikuskizuna. Amaitutakoan, baina, giroa Untzaga plazara bueltauko da, hango ‘fan-zone’-an ibiliko baita Nerea Rodríguez dj-a. Arratsaldeko 20:00etan partiduaren inguruko ospakizunek bat egingo dabe Genero indarkeriaren kontrako egunagaz eta, azkenik, jardunaldi luze honi amaierea emoteko, disko-festa antolatuko da Untzagan.
Ekimen honeen bitartez, egun biribila antolatu nahi izan da Eibarren Euskadiko emakumezkoen futbolaren ikuspegitik hain garrantzitsua izango dan eguna ederra izan daiten. Aurkezpenean adierazo dabenez, jardunaldi honen erantzun ona etorkizunean pausu gehiago emoteko bermerik onena izango da.
Iñigo Juaristi entrenatzailearen eta Iraia Igurregi eta Aintzane Encinas teknikari-laguntzaileen deialdia:
Ainhoa Tirapu, Garazi Murua, Ainhoa Vicente ‘Moraza’, Ane Bergara, Vanesa Gimbert, Damaris Egurrola, Joana Flaviano, Maite Oroz, Erika Vázquez, Nekane Díez eta Yulema Corres (Athletic).
Mari Asun Quiñones, Leire Baños, Sandra Ramajo, Naiara Beristain, Manuela Lareo eta Nahikari García (Reala).
Eta Barçako Marta Unzúe.
Kontuak kontu, jokalariek hilaren 24rako hitzordua dabe 15:30ean, Arrasateko Atxabalpe zelaian entrenamentua egiteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!