Manu Leguineche saria emon deutsie Mikel Ayestarani

Bizkaie! 2017-11-17 10:24   Kulturea

Nazinoarteko gatazketako kroniketan erakusten dauen sensibilidadeagaitik saritu dabe.

Gaur egun Jesusalemen dabil barri-emoile lanetan Mikel Ayestaran kazetari gipuzkoarra eta Manu Leguineche Katedrearen V. Kazetaritza Saria jasotera etorri da oraintsu, Guadalajara probintziako Brihuega herrira hain zuzen be. Sariketearen bultzatzaileek adierazo dabenez, independentziaz, zorroztasunez eta zintzotasunez lan egiten dau Ayestaranek. Palestina eta Israelen artekoa horren gatazka latza izanik, beasaindarrak bere kroniketan agertzen dauen sensibilidadea txalotu dabe.

Beste alde batetik, sarietako epaimahaiak uste dau, Ayestaranen kronikek, erreportajeek eta abarrek kalidade literarioa daukiela. Gatazken eragina sufriduten daben personen sentimenduak transmitiduteko daukan gaitasuna be nabarmendu dau.

Mikel Ayestaranek hamarkada bat baino gehiago daroa Hurreko Ekialdeko gatazken barri emoten, bertatik bertara. Prentsa idatzian zein ikus-entzunezko medioetan ibilten da, hainbat hedabideren kolaboratzaile da eta. 2015etik Jerusalemen bertan bizi da. Ganera, liburu ugari idatzi ditu, herrialde arabiarretako gorabeherak azaltzeko. Horreetako azkena, ganera, euskeraz atera dau, Karlos Zurutuzagaz eta Ane Irazabalegaz batera: Ekialde Hurbila, muinak eta ertzak asteon bertan aurkeztu dabe hiru euskal kazetariok.

Saria emoteko ekitaldia hasi aurretik, Mikel Ayestaranek mahai-inguru baten parte hartu eban. Gerrako korresponsalen zeregina jorratu eban, baita hedabide digitalen loraldia be.

Azken buruan, Alcalako Unibersidade entzutetsuak Honoris Causa Doktore izentau eban, Manu Leguineche sariaren harira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu