Literatur Amuak: zemendiaren 1etik 5era Ondarroan

Bizkaie! 2017-10-25 11:21   Kulturea

Ipuin rallya, Agustin Zubikarai sariak eta nanoipuinak dira egitarauak jasoten dituan ekimenetako batzuk.

Argazkia: Ondarroako Udala | Ikusi handiago | Argazki originala

Aurten be, Ondarroako Literatur Amuak jaialdian, herrian zein Euskal Herri osoan ezagunak diran artista eta ikuskizunez gozetako aukerea izango da zemendiaren 1etik 5era. Literaturea oinarri hartuta, aste osoan zehar edade guztietarako ekimenak egingo ditue eta herritarrek euren sorkuntzea garatzeko aukerea be izango dabe.

Urtero legez, herrian atondutako ekimenak izango dira atxakia nagusia egitarauari hasierea emoteko: Ipuin Rallya ikastetxeetan, Agustin Zubikarai nobela sarien aurkezpena eta Nanoipuin Lehiaketako sari banaketea. Liburuen amuak irakurle taldearen hitzordua be izango da, ohi moduan, hileko azken zapatuan: Anjel Lertxundiren Zu liburuaren ganean urriaren 28an; zemendiaren 25ean, barriz, Philippe Caludelen Lihn jaunaren biloba.

Agustin Zubikarai nobela sariaren irabazlearen izena zemendiaren 1ean emongo dabe jakitera. Epaimahaiko kideak Leire Bilbao, Ana Urkiza idazle ondarrutarra eta Xabier Mendiguren izango dira. Igazko irabazle Katixa Agirrek sariagaz argitaratuko dauen Amek ez dute idazten nobelea aurkeztuko dau.

Bestalde, Nanoipuin Lehiaketeak 7. edizinoa dau aurten eta antolatzaileek dinoe zuzenean literaturaz gozau ahal izango dala dosi txikietan, izan be, 140 karakterez osoturiko ipuin labur horreek aukerea emoten dabe jentaurrean irakurteko.

Egitarau zabala iragarri dabe, herritar guztientzat eta dobakoa. Literaturea oinarri izan arren, hainbat diziplinatako agertokia izango da, umeentzako poesia lantzeko tailerra egingo dabe zemendiaren 1ean, 12:00etan, Leire Bilbaok eta Maite Mutuberriak kaleratu barri daben Xomorropoemak eta Piztipoemak poesia liburuetan oinarrituta, txikitxuenei zaletasuna eta sormena sustatzeko asmoz.

Hurrengo egunean, barriz, Xixili errezitaldia aurkeztuko dau Txakur Gorria kolektiboak; Nerea Ibarzabal bertsolari eta kazetariak, Mariñe Arbeo diseinatzaileak, Malen Amenabar ilustratzaileak eta Ane Labaka bertsolariak osotuten dabe eta burutik jota egoala esaten eutsien emakume baten histeria errezitaldia aurkeztuko dabe.

Zemendiaren 3an, Harkaitz Cano idazleak eta Maite Arrotajauregi (Mursego) musikariak Porto emonaldia aurkeztuko dabe.

Zemendiaren 4an, Pello Añorgak ipuinak sortzeko tailerra eskainiko dau goizean.

Hurrengo egunean, Uxue Alberdigaz gosaltzeko aukerea izango da eta bitartean Jenisjoplin bere nobela barria aurkeztuko dau; Ainhoa Agirreazaldegi bertsolaria izango dau lagun.

Musikeak tarte berezia izango dau asteburuan, zapatuan, hilaren 4an, Keu Agirretxeak eta Jon Gurrutxagak kontzertua eskainiko dabe 22:30ean. Domekan, barriz, Gorka Urbizu musikariak eta Gotzon Barandiaran idazleak zuzeneko emonaldia eskainiko dabe 19:00etan, kofradia zaharrean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu