92 aretotan estreinauko dabe gaur 'Handia' filma

Bizkaie! 2017-10-20 12:49   Kulturea

Lekeitioko Euskal Zine Bileraren barruan be proiektauko dabe pelikulea arrastian.

Jatorrizko hizkuntzan batzuetan, gaztelaniara itzulita besteetan, baina danetara 92 zine aretotan ikusi ahal izango da Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzendu daben filma. Aurretik Loreak-ek izan eban arrakastea kontuan hartuta eta orain Handia-k jaso dituan sari eta kritikak bultzatuta lortu dabe hainbeste aretotan estreinetea.

Bilbon, Oñatin, Leioan, Iruñean, Getxon, Beasainen, Durangon, Usurbilen, Barakaldon, Elorrion, Zarautzen, Gernikan… besteak beste ikusi ahal izango da filma eta baita Lekeitioko Zine Bileran be. Euskal Herritik kanpo, barriz, Bartzelona, Girona, Madril, Valentzia eta Sevilla dira pelikulea proiektauko daben urietako batzuk.

Irusoin eta Moriarti produkzino etxeek sortutako filma joan dan urtean grabau eben Euskal Herriko hainbat txokotan: Zumaian, Zarautzen eta Zestoan, besteak beste.

Pelikuleak 1843ra eroaten gaitu eta Migel Joakin Eleizegiren bizitzea kontetaan deusku. Gazte bat bere herrira itzultzen da, Altzora, eta Joakin, bere anaia, gatx batek jota 2,42 metro luze izatera heldu dala ikusiko dau. Baserrirako oztopo izanda ikusirik, anaia biak Europako hainbat plaza eta aretotan zehar ibiliko dira, familiari eusteko asmoagaz. Altzoko Aundiya bihurtu zan Joakin sasoi haretan, Europako gizonik altuena, hain zuzen be.

Eneko Sagardoy, Joseba Usabiaga, Iñigo Aranburu, Ramon Agirre eta Aia Kruse dira filman parte hartu daben aktoreak.

Handia-k Euskal Zinemearen Irizar saria eta Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu zituan oraintsu 65. Donostia Zinemaldian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu