Margaret Harrisonen atzera begirakoa Azkuna Zentroan

Bizkaie! 2017-10-20 08:31   Kulturea

Arte feministearen ordezkari nagusietako bat da.

Margaret Harrison. Sexu, klase eta indarkeriaren arteko harremanak izeneko erakusketea egongo da Bilboko Azkuna Zentroan 2018ko urtarrilaren 14ra arte, Britainia Handiko eta Europako arte feministearen aitzindari eta ikur dan artistearen obrea publikoari hurreratzeko. Xabier Arakistain komisaroaren eskutik dator Harrisoni Euskal Herrian eskaini jakon lehenengo atzera begirako erakusketea.

Margaret Harrison bera Bilbon izan da egunotan, Xabier Arakistain komisarioagaz batera erakusketearen nondik norako guztiak atontzen. Hainbat museo, galeria eta bildumagilek itxitako piezak ekarri ditue eta hori guztia antolatu behar izan dabe.

Ingalaterrako Wakefield urian jaio zan Margaret Harrison 1940an, eta 1960ko hamarkadan ekin eutsan ibilbide artistikoari. 1971n antolatu eban bakarkako lehenengo erakusketea eta, hain zuzen be, horixe da Bilboko erakusketearen abiapuntua. Zabaldu eta biharamunean poliziak zarratutako erakusketa horretako obra polemiko baten erreprodukzinoagaz hasten da ia mende erdiko ibilbide oparoaren errepasoa.

Azkuna Zentroko arduradunek azaldu dabenez, emakumeen lan eta sexu esplotazinoaren inguruan Harrisonek egin zituan obra enblematikoenak zein oraintsuagoko piezak ipini ditue erakusketan. Begirada feministea da ardatza. Izan be, batez be 1970eko hamarkadan, bertatik bertara ezagutu zituan Ingalaterrako fabriketako emakume beharginen bizimodua, baldintzak, kezkak eta abar. Hori guztia artelanetan batu eban, aldi berean salaketea eta gogoetea eginaz.

Gaur egun, Ingalaterran zein Estadu Batuetan lanean ibilten da Harrison. Mundu guztiko museo entzutetsuetan erakusketak egin izan ditu eta hainbat sari be emon deutsiez. Manchesterreko Unibersidadeko ikerkuntza atalean ibili zan, irakasle eta zuzendari.

Erakusketea doban ikusi leiteke Azkuna Zentroko erakusketa aretoan, egunero, astelehenetan izan ezik. Eguenero, 19:00etan, hiru ordu laureneko bisita gidatuak antolatuko ditu Azkuna Zentroak. Barikuetan, ostera, gazteentzako tailerrak egongo dira, goizez.

2017/10/20 - 2018/01/14

Bilboko Azkuna Zentroan

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu