Verdiren opera batek zabalduko dau ABAO-OLBEren denporaldi barria

Bizkaie! 2017-10-19 10:07   Kulturea

Urriaren 21ean hasita, sei opera eskainiko ditue Euskaldunan.

Giuseppe Verdi, Bilboko publikoaren autore gogokoenetako bat, programau dau ABAO-OLBE alkarteak 2017-18 denporaldiari ekiteko. I Masnadieri izango da Bilboko opera eskaintzearen 66. urtea zabalduko dauen lana, 1847an, Londresen estreinautakoa. Estilo erromantikoaren topiko guztiak dakarz Verdiren opera horrek, besteak beste, pasinoa eta idealismoa.

Aquiles Machado, Marta Torbidoni, Vladimir Stojanov eta Mika Kares dira pertsonaia nagusiei ahotsa ipiniko deutsien abeslariak. Alderdi musikalean, Bilboko Orkestra Sinfonikoak joko ditu I Masnadieri-ko piezak, Miguel Ángel Gómez Martínez zuzendariaren gidaritzapean. Leo Muscato da eszena zuzendaria.

Urriaren 21ean, zapatuan, emongo dabe lehenengoz I Masnadieri Bilbon, 66. denporaldia hasteko saioan. Hilaren 24an, 27an eta 30ean be emonaldiak egongo dira. Ohiko moduan, Euskalduna Jauregian izango dira saio guztiak. Ganera, I Masnadieri Tutto Verdi programearen 12. edizinorako aukeratutako obrea da. ABAO-OLBEk martxan jarritako ziklo horren barruan, Verdiren opera bat aztertzen dabe urtero, berbaldi eta bestelako jarduera batzuen bidez.

ABAO-OLBEren 2017-18 denporaldian sei opera eskainiko ditue. I Masnadieri-ren ostean, Gaetano Donizettiren Don Pasquale emongo dabe zemendian, eta urtarrilean, ostera,  Jules Masseneten Manon. Zezeilean helduko da Euskaldunara Richard Straussen Salome eta, denporaldia amaitzeko, Vincenzo Belliniren Norma ikusi ahal izango da maiatzean.

ABAO-OLBEren denporaldi barria aurkezteko ekitaldia

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu