Udagoieneko Ostera zapatuan hasiko da

Bizkaie! 2017-10-17 09:35   Kulturea

Su Ta Gar, Anari eta Ez Dok Hiru izango dira, besteak beste, Bizkaiko zirkuituan.

Ana de Castro eta Lorea Bilbao (Bizkaiko Foru Aldundia), Jasone Mendizabal (Tooagunea) eta Iurdana Acasuso (Azkue Fundazinoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Dagoeneko hamazortzi urte bete ditu Bizkaiko euskerazko kultura zirkuituak. Euskaltzaleen Topaguneak atontzen dau urtero Udagoieneko Ostera eta, aurten, sei zuzeneko emonaldi iragarri ditu urriaren 21etik, zapatua, abenduaren 2ra.

Zirkuitua Anarik zabalduko dau, Berrizen, eta zemendian Igorren, Bilbon eta Arrigorriagan izango dira beste lau emonaldi. Leioan izango da azken hitzordua, Miss Karaoke antzerki obreagaz.

Antolatzaileek adierazo dabenez, urrian, zemendian eta abenduan, Osterak euskerazko pilulak ekarriko ditu, euskerazko kulturaz gozetako aukerea eskainiz, alkarregaz disfrutetako edo, zergaitik ez, nork bere buruari opari bat egiteko!

Aurten Anari, Larregi eta Hesian taldeko Fran eta Zuriñeren akustikoa, Kepa Junkera eta Sorginaken Maletak ikuskizuna, Su Ta Gar taldearen zuzenekoa, Ez Dok Hiru eta Miss Karaoke izango dira zirkuitu honetan.

Sarrerak Kutxabank kutxazainetan, aretoetan bertan edo hemen eskuratu daitekez. Ganera, Su Ta Garren zuzenekorako sarrerak, Kafe Antzokiaren webgunean edo ticketea webgunean be erosi daitekez.

Programazinoa:

-Anariren Epilogoa ikuskizuna. Berrizen, urriaren 21ean.

-Larregi + Zuriñe eta Fran (Hesian). Kontzertu akustikoa. Igorren, zemendiaren 10ean.

-Kepa Junkera eta Sorginak. Maletak ikuskizuna. Bilboko BBK aretoan, zemendiaren 19an.

-Su Ta Gar taldearen kontzertua. Bilboko Kafe Antzokian, zemendiaren 23an.

-Ez Dok Hiru. Arrigorriaga antzokian, zemendiaren 24an.

-Miss Karaoke. Leioan, abenduaren 2an.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu