Jenny Holzer artisteak hiru obra emon deutsaz Bilboko Guggenheimi
2017-10-17 08:28 KultureaMuseoaren bildumearen parte izango dira aurrerantzean.
Bilboko Guggenheim Museoaren 20. urteurrenagaz bat eginaz, Jenny Holzer estadubatuarrak emondako hiru pieza berezi gehitu deutsiez bildumeari. Artistea bera Bilbon izan da, obrak emoteko ekitaldian. Honeek dira hiru lanen izenburuak: Biziraupena saila: itxi egiozu eskuari noraezean ibilten… (1989), Bizitzen saila: inoren hatsa ikustea harrigarri gerta leiteke… (1989) eta Arno bikotea (2010).
Jenny Holzer azken hamarkadetako artista kontzeptual nabarmenenen artean dago. Berbak erabilten ditu bere adierazpen artistikoetan, lengoaia soil eta laburra tarteko. Kaletik hartutako esaldien bidez, hainbat gai lantzen ditu, esaterako gerrea, heriotzea eta politikea. Horreek esaldiak kaletik museora eroanda, publikoaren eta pribaduaren arteko mugearen ganeko gogoetea egiten dau Holzerrek.
Kontu handiz formulautako esaldi motzek osotuten dabe Biziraupena saila, eta, Museoko arduradunen esanetan, larritasun tonuan idatzitako mezuak dagoz: personek euren ingurumen politiko, sozial, fisiko edo psikologikoari erantzuteko moduaren barri emon edo hori zalantzan jarten dabe.
Bestetik, Bizitzen saila-k behaketa, jarraibide eta abisuak aurkezten deuskuz, modu lasaiagoan esanak, eguneroko bizitzea azaltzeko erabili ohi dan kazetaritza estiloan. Norbanakoak eta gorputzak paisajeagaz, beste personakaz, arauakaz, itxaropen, desira edo bildurrakaz hartu-emonetan egoteko dauen moduari heltzen deutso sail horren edukiak.
Amaitzeko, Arno bikotea lanak modu ezin hobean osotuten dau museoaren bildumako Bilborako instalazinoa (1997/2017) piezea. Azken horretan euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez agiri diran esaldiak Arno testuaren aldaerea dira. Jatorrian, hiesaren ikerketarako funtsak batzen zituan proiektu baterako idatzi zan testua, eta Florentzian egindako proiekzino baterako moldatu zan gero.
Guggenheimekoen esanetan, hiesaren gaiak berehalako testuinguru tragikoa eskaintzen dauen arren, harrian zizelkaturiko berbek gai unibersalak ikutzen ditue: intimidadea, heriotzea eta galerea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!