Blogetan! goitik behera barritu dau Azkue Fundazinoak
2017-10-11 08:50 KultureaUrte osoan elikatuko dabe ataria, euskerazko blogen edukiakaz.
Orain arte, Azkue Fundazinoak eta Argia aldizkariak antolatzen izan daben lehiaketea izan da Blogetan!, euskerazko blogik onenak edo interesgarriak saritzeko asmoz. Edizino bi egin ditue eta, Azkueren esanetan, horri esker erreferentzialtasuna eskuratu dabe blogarien eta irakurleen artean. Hartara, beste pausu bat egin eta Blogetan! proiektu zabalagoa bihurtuko da, erreferentzialtasun horri eusteko asmoz.
Aurrerantzean, Blogetan! sareko ataria izango da eta bertan batuko dira, modu automatikoan, euskerazko blogetan agertzen diran eduki barriak. Modu horretara, euskal blogarientzako topalekua izatea da asmoa. Atariak lau ezaugarri nagusi dituala azaldu dau Azkue Fundazinoak: Euskal blogarien bildumea; personalizautako edukiak; blogarien datu basea; eta Blogetan! lehiaketea.
Beraz, aurrerantzean, euskerazko blogetarako loturea webgune bakarrean topau ahal izango dau irakurleak. Ganera, argitaratzen diran testuak ekarriko ditue Blogetan! atarira, hurrenkera kronologikoan, hau da, azkena plazaratutako testua agertuko da lehenengo.
Blogetan! lehiaketan legez, atarian be gaika sailkatuko ditue blogak: teknologia, kulturea, zientzia, politikea, astialdia eta gizartea. Atal bakotxean azpiatalak egongo dira. Filtroen bidez, erabiltzaileek euren gustuko edukiak erraz bilatu ahal izango ditue.
Dana dala, barritasun nagusia personalizautako edukien atala izango da. Azkuekoek azaldu dabenez, erabiltzaile bakotxak gune pribadu bat izan leike webgunean eta bertan, berak nahi dituan blogetako edukiak baino ez ditu jasoko. Nahi daben erabiltzaile guztiek sortu ahal izango dabe holako gune personalizadu bat, posta elektronikoaren bidez izena emonda. Era berean, atarian ez dagozan blogen barri emon ahal izango dabe.
Blogetan! Blog izarren bila lehiaketan dauka oinarria atari barri honek. Horregaitik, sariketeak be atal berezia izango dau, hurrengo edizinoaren barri zabaltzeko. Ganera, aurreko aldietako informazinoa ipiniko dabe hor.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!