Erdi Aroko giroa dakar Bermistorian-ek
2017-10-11 08:09 KultureaUrriaren 21 eta 22an azokea, tailerrak, erakustaldiak eta abar egongo dira Bermeon.
Aingeru Astuik, Bermeo Udaleko Kultura zinegotziak, Erdi Aroan giroturik dagoan Bermistorian-en 14. edizinoaren barri emon dau kazetarien aurrean. Herritarrak eta kanpotik datozanak antxinako sasoietara eroango ditu, giro alaian, adierazo dau Astuik. Urriaren 21 eta 22ko asteburuan, Alde Zaharreko kaleetan egitarau oparoa egongo da, era askotako jarduerakaz disfrutetako aukerea, zinegotziaren esanetan.
Urtero legez, Erdi Aroko azokea izango da Bermistorian-eko ardatz nagusia. Zapatuan zein domekan, 50 postu inguru ipiniko ditue, antxinako moduan girotuta. Danetariko produktuak erosi ahal izango dira, esate baterako, eztia, gaztaia, txokolatea, bitxiak, narrua eta zeramikea.
Horrezaz gan, bestelako ekintzak egongo dira bermeotarren eta bisitarien aukeran. Alde batetik, arku tiroketa taldeak jaurtiketak egiteko jolas bereziak atonduko ditu eta, bestetik, lora eta zeramika tailerrak egongo dira. Izaro abesbatzea kalerik kale ibiliko da eta Lodosako piperrak erreta probau ahal izango dira. Umeentzat, egurrezko jokoak ipiniko ditue. Asteburu guztian kaleko animazinoa egongo da herriko parte zaharrean.
Bermeoko Udalak azaldu dauenez, urriaren 21ean, zapatuan, goizeko 10:00etatik 15:00etara eta arratsaldeko 17:00etatik 21:00etara egongo da Bermistorian zabalik. Domekan, ostera, 10:00etatik 15:00etara. Bitarte horretan, Alde Zaharrean ibilgailurik ez erabilteko eskatu dau Aingeru Astuik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!