Joseba Sarrionandiaren omenezko jardunaldiak Iurretan
2017-10-10 12:48 KultureaEkimen nagusia hilaren 28an egingo dabe: Joseba Sarrionandia, hemen eta han dokumentalaren estreinaldia.
Durangaldeko eragileak eta alkarteak aspaldi hasi ziran Joseba Sarrionandiari autortza publikoa egiteko jardunaldiak atontzen. Liburutegiak be, azken urte honeetan, bere ohiko egitarauan hainbat aldiz landu dau Sarrionandiaren ondare literarioa.
Iurretako Udalak azaldu dauenez, igazko udatik gaur arte egitarauari formea emoten eta antolakuntza lanetan buru belarri ibili dira, idazleari jagokon omenaldi-autortzea egin nahi deutsagu.
Jardunaldi honeekaz idazlea eta bere lana herritarren artean ezagutzera emon nahi dabe, Sarrionandia Iurretan eta munduan kokatuz.
Antolatzaileek herriko etxe eta kaleak Josebaz zipriztindu nahi ditue eta horretarako 20 puntu esanguratsutan Sarrionandiaren esaldi eta poema zatiak irakurri ahal izango dira. Udalerriaren errealidadea kontuan hartuta, testuak euskeraz, gaztelaniaz, errumanieraz, arabieraz, ingelesez eta frantsesez egongo dira.
Jardunaldietan, bestalde, errezitaldiak, ipuin-kontaketak, irakurketa publikoak… be entzuteko aukerea egongo da.
Ekitaldi nagusia, barriz, azken jardunaldirako laga dabe, urriaren 28rako, zapaturako. Izan be, egun horretan, Joseba Sarrionandia, hemen eta han dokumenatala estreinauko dabe Askondon, arrastiko 18:30ean. Ikus-entzunezkoak idazlearen biografiaren hainbat sasoi jasoten ditu, bere inguruko lagun, kide eta artisten bidez. Peru Magdalena eta Pello Salaberria dira dokumental honen sortzaileak.
Egitarau osoa hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!