XI. Astola plazaratu dau Gerediagak

Bizkaie! 2017-10-10 08:06   Kulturea

Durangaldeagaz lotutako gai ugari landu ditue.

Gerediagako kideak, Astola aurkezteko ekitaldian (argazkia: Gerediaga) | Ikusi handiago | Argazki originala

Ikuspegi pausatugo bat ardatz hartuta, Durangaldearen historia, gaurkotasuna eta ondarea ezagutzera emoteko proiektua da Astola, Gerediaga alkarteak azaldu dauenez. Orain dala hamaika urte hasi eban ibilbidea urtekariak eta aurtengo zenbakia prest daukie dagoeneko. Bost euroan salgai dago ale barria, eskualdeko hainbat saltokitan.

Guztira, bederatzi artikulu edo erreportaje dakarz Astolaren 11. zenbakiak. Markel Onaindiak gaur egungo artzainen bizimoduaren ganeko testua idatzi dau. Jesus Muñizek, ostera, Kurutziagako kurutzearen eta Araban agertutako beste batzuen arteko antzekotasunak jorratu ditu. Memoriaren ganeko gogoetea da, ostera, Jon Irazabal eta Iban Gorritirena.

Mikel Onandiak, bere partetik, uri-eskulturak aitatu ditu eta Jose Mari Uriartek, argazkigintzea. Natureari begira jarri da Mª Carmen Navarro, artadiei buruzko erreportajean. Felix Mugurutzak Durangaldeko herri-izenak aztertu ditu eta eskualdeko historiaz idatzi dau Joseba Gorostizak. Amaitzeko, Berrizko Besoitaormaetxea baserriaren ingurukoa da Teresa Camposen artikulua.

Lehenengo aldiz, ganera, Gerediaga alkarteak Astolagaz lotutako bisita gidatua antolatu dau. Mikel Onandiak uri-eskulturen inguruko erreportajean plazaratutako gaiaren harira, Durangon aire zabaleko eskulturak egiteko proiektua gogoratuko dabe txango horretan, Onandiaren beraren azalpen eta guzti. Herriko eskultura esanguratsuetatik pasauko da bisitea.

Zemendiaren 5ean, domekan, izango da bisita gidatua, Durangoko Arte eta Historia Museoan hasita. Goizeko 10:00etan gaztelaniazko txandea egingo dabe eta 12:00etan, euskerazkoa. Izena emoteko bost euro pagau behar dira eta Astolaren ale bana emongo deutsie parte-hartzaileei.

Kontuak kontu, 94 681 80 66 telefono zenbakira deitu edo gerediaga@gerediaga.eus helbidera idatzi behar da, lekuak mugatuak dira eta. 

Bestetik, zemendiaren 4an, Andra Mari eleizpean egongo dira Gerediagako kideak. Astola urtekariaren 11. zenbakia eta agortuta ez dagozan ganerakoak salgai ipiniko ditue bertan. Durangoko Azokan be eskuragarri egongo da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu