Asisko Urmenetak Euskal Herria Sormen Saria irabazi dau
2017-10-09 13:19 KultureaOndarroako Marabilli Festibalean omendu dabe marrazkilari nafarra.
Marabilli jaialdiaren aurtengo edizinoko nobedade nagusietako bat I. Euskal Herria Sormen Saria izan da. Aurrerantzean urte birik behin emongo dabela aurreratu dabe antolatzaileek, urte bakoitietan. Joandako eguenetik domekara bitartean egin dabe Marabilliren laugarren aldia eta egitaraua biribiltzeko modu aproposa izan da euskal kulturearen eta euskerearen alde ekarpen oparoa egin dauen Asisko Urmenetaren ibilbidea gogoratzea eta egindako lana autortzea.
Hori bai, sari-banaketa ekitaldira arte, isilean gorde dabe irabazlearen izena, sorpresea izan da, beraz, izentapena. Marabilliko arduradunek eurek, aurreko asteko aurkezpenean onartu eben, jaialdia hasteko egun pare baten faltan, irabazleak artean ez ekiala saria emongo eutsienik. Halandabe, pozarren hartu dau Sormen Saria Urmenetak.
Batez be, marrazkigintzan egin dau ibilbidea Urmenetak, besteak beste, Napartheid, Zazpiak Batman, Gartxot eta H28 proiektuetan parte hartu dau, beti euskeraz. Artista plastiko legez dauen kalidadeagaitik, euskereagaz dauen lotureagaitik eta kultura eragile legez egin dauen lanagaitik omendu dabe Marabillikoek.
Euskal Herriko Sormen Sariaren irabazleak ez dauka diru-saririk. Dirurik ez, baina maitasun handia jaso ditu Urmenetak, Marabillikoen esanetan. Hori bai, bere buruaren erreprodukzino handia emon deutsie antolatzaileek Urmenetari.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!