Barakaldoko Munoa finkea eta jauregia erakusketa leku bilakatuko dira lehen aldiz
2017-09-13 10:56 KultureaJavier Viverren Révélations izeneko argazki-liburuaren egokitzapena da erakusketea, irailaren 17an, domekan, inaugurauko dana.
Munoa finkea eta jauregia erakusketa leku bilakatu dira lehen aldiz. Udalak, Barakaldo Foto Festival (Baffest) jaialdiagaz batera, Révélations izeneko erakusketea inaugurauko dau datorren domekan. Pasa dan zezeilean, monumentu multzo izentautako uriko altxor honetan barrikuntza legez sartu da erakusketa hau.
Ekimenak Pariseko La Salpêtrére ospitale psikiatrikoko argazki-artxiboko zenbait argazki batu ditu, psikiatria klinikoaren alorrean egiten dan lehen erakusketea da. Ospitaleak eta Munoa jauregiak estilo arkitektoniko bera dabe, bigarren inperioko estiloa.
Munoaren fatxadan eta inguruan 12 argazki txertatu ditue modu berezian, bai eraikinaren fatxadea, bai ganerako elementu naturalak errespetauta azaldu dau Barakaldoko alkate Amaia del Campok, Kultura, Hezkuntza, Euskara, Gazteria eta Drogamendekotasunen Prebentzino Alorreko zinegotzi Nerea Canterogaz, Fotopop-eko arduradun David de Haro eta erakusketako protagonista Javier Viver artisteagaz batera.
Lanak Javier Viver argazkilari, eskultore eta diseinatzaile madrildarraren sinadurea dakar, bere Révélations liburuaren egokitzapena egin dau, eta horretarako, ospitale psikiatrikoaren ikonografiaren ikuspegi personala egin, eta zenbait egileren 4.000 argazki eta 1875etik 1918ra bitartean argitaratutako 32 liburuki aztertu ditu. Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak 2015eko Arte Libururik Onenaren saria emon deutso orain gitxi. Rèvèlations da uriko ondare arkitektonikoak eta argazkilari batek alkarri eraginez egiten dan lehen erakusketea.
Munoa jauregian eta bertako lorategietan jardutea oso esperientzia itzela izan da. Lehenengo eta behin, eraikinaren ingurunearen kalidadeagaitik, eskultura edo argazki-instalazinoa balitz legez lan egin ahal izan dodalako jauregian. Eta beste aldetik, harrigarria bada be, jauregiak eta La Salpetrierek, bi eraikinek dabelako estilo frantziarra; izan be, horkoak dira erabiliko diran argazkiak. Holako lanetan, norabide berean doazen zenbait ezaugarri batzen dira azaldu du Viverrek.
Baffest jaialdiaren barruan kokatutako ekimena da, eta horren sustatzaileek udal ondareak eta lanak alkarri eragiten deutsien erakusketea eskaini nahi izan dabe. Ganera, 'Ibilbide paregabeak´ proiektu europarraren barruko jarduerea bat be bada, ondarea eta turismo jarduerea baloretea helburua dauen proiektua baita.
2016an egin zan jaialdiaren lehen edizinoaren ostean, Barakaldoko gune eta leku enblematikoetan esku-hartu behar genduala pentsau genuen Fotopop-en, eta gure ustez, Munoa holako bat da. Aldi berean, Javier Viverren lana ezagutu genduan, eta jauregiagaz eta bertako lorategiakaz ezin hobeto alkarreragin eikiela begitandu jakun. Javierregaz harremanetan jarri eta hortik aurrera, dana izan zan oso erraza. Horren guztiaren emoitzea, oso bateratze zoragarria dala uste dogu adierazo dau De Harok.
Révélations lanak finkea ezagutzeko eta gozetako modu desbardina eskaintzen dau. Azken hileotan, Munoa finkea oso ekimen ugaritara egokitu daitekeen agerlekua dala ikusi dogu, eta Udalean eremu horren erabilera publikoa sustatzeko lanean gabiz, denpora gehiegi emon dauelako ezkutuan, barakaldarrek ikusi barik esan dau amaitzeko Del Campok.
Kontuak kontu, Révélations erakusketea datorren domekan, hilaren 17an, 12:30ean inaugurauko dabe eta bertan, Robert Villalonek (clavoardiendo-magazine.com aldizkariko zuzendaria) erakusketearen ikuspegi zabala azalduko dau, eta harizko laukotekoak girotuko dau ekitaldia.
Azken buruan, erakusketea urriaren 19ra arte egongo da ikusgai.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!